Itxi

Estreinaldia, 22:00etan

'Aita', Perun erbesteratutako gudari baten istorioa, gaur, ETBKn

eitb.com

EITB

Chema Salcedo euskal-peruar kazetariak bere aitak 1936ko gudan egindako ibilbidea jarraitu du. Gudariak Perura jo behar izan zuen bere familiarekin.

Gaur gauean, ETBK-k Aita dokumentala estreinatuko du. Perun erbesteratutako eusko gudari baten istorioa errepasatuko du Chema Salcedo kazetariak, protagonistaren semeak. 2012. urtean bere aita hil ondoren Chemak bere aitak Guda Zibilean idatzi zituen memorietan kontatutako tokiak bisitatuko ditu. Ibilbide horretan, beste gudari batzuen seme-alaben eta iloben testigantzak ere jasoko ditu.

Jose Salcedo Molinuevo Euzko Guradoresteko MAI Irrintzi batailoiko gudaria izan zen, eta Santoñan amore eman ondoren, Burgosko kartzelan preso egon zen. 1951. urtean familia osoarekin Perura joan zen. Chemak bost urte zituen orduan.

Chema kazetaritza munduan murgildu zen Liman, eta Peruko kazetari garrantzitsuenetakoa da. Erreportari, editore, egunkariko zuzendari, zutabegile eta abar izan da Chema Salcedo, eta zineman, irratian eta, batez ere, telebistan aritu da.

Dokumental hau egiteko ideia aita-semeak Julio Medemen La Pelota Vasca ikusi ondoren sortu zen. Dokumental horretan, Jose mortero bat prestatzen ikusi zuten, eta Chemak bere aitaren bizipenak kontatzea erabaki zuen, gudari guztiak omentzeko asmoz.

Jose Salcedo 2012an zendu zen, dokumentala bukatuta ikusi gabe, baina haren oroitzapenak eta memoria Aita dokumentalean islatuta geratu dira.

Aita dokumentala, gaur gauean, 22:00etan, ETBKn.