Kirol emanaldiak
Frantziako Tourraren 11. etapa, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en
A.H.
EITB
Lehenengo atsedenaldi egunaren ostean, Besançon eta Oyonnax arteko 187,5 kilometroko etapari egin beharko diote aurre txirrindulariek.
Gaur arratsaldean, Frantziako Tourraren hamaikagarren etaparekin bat egingo du zuzenean Euskal Telebistak 14:40tik aurrera. Lehenengo atsedenaldi egunaren ostean, Besançon eta Oyonnax arteko 187,5 kilometroko etapari egin beharko diote aurre txirrindulariek, eta lau igoera gogor izango dituzte ibilbidearen azken partean: Rogna, 141 kilometroan (3. mailakoa, 7,6 kilometro igoera eta % 4,9ko maldak, batez beste); Choux, 148,5 kilometroan (3. mailakoa, 1,7 kilometroko igoera eta % 6,5eko maldak); Désertin, 152,5 kilometroan (4. mailakoa, 3,1 kilometroko igoera eta % 5,2ko maldak); eta Échallon, 168 kilometroan (3. mailakoa, 3 kilometroko igoera eta % 6,6ko maldak).
Fermin Aramendi, Xabier Usabiaga eta Pedro Mari Goikoetxea esatariek egingo dute etaparen gaineko kontakizuna zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en.
Donibane Lohizuneko nazioarteko zesta-punta jaialdien finaletako bat, ETBK Sat-en
Donibane Lohizuneko nazioarteko zesta-punta jaialdien lehen finala eskainiko du ETBK Sat kateak, 17:30ean. Partida bart jokatu zuten, eta hauek izan ziren aurrez aurre: Goikoetxea-Eiheragaray eta Olharan-Lopez. Juanan Legorburuk eta Jabier Arkarazok egingo dute emanaldiaren kontakizuna.