Itxi

Dokumentala

Ikurrinaren 120 urteko historia, gaur gauean, ETB2n

A.H.

EITB

120 urte bete dira Bilbon ikurrina lehen aldiz jaso zutenetik, eta Euskal Telebistak horren historia errepasatuko du, sorreratik gaur egunera arte.

Ikurrina paper batean irudikatu zutenetik 120 urte pasatu dira. Gaur egun, berriz, herri oso baten entseina bihurtu da. Sabino Aranak sortu zuen, Luis anaiarekin lankidetzan, eta 1894ko uztailaren 14an zintzilikatu zuten lehen aldiz, Bilbon. Gertaera horren urteurrena bete dela aitzakiatzat hartuta, Euskal Telebistak ikurrinaren historia errepasatu, eta 'Ikurrinak 120 urte' dokumentala eskainiko du gaur ETB2n. ETB1en astehenean eskaini zen.

Momentu eta egoera oso ezberdinak izan dituen historia da ikurrinarena. Klandestinitatean zein ofizialtasunean, gertaera gogoangarri ugari izan ditu; une pozgarriak, batzuk, eta latzak (gerrak eta gatazkak), beste asko. Dantza egin da ikurrinaren inguruan, eta haren alde borrokatu da. Munduko mendi-gailur altuenetara iritsi da, baita tokirik ezkutuenetara ere.

Dokumental honek ikurrinaren historiako hainbat pasarte gogoratuko ditu, protagonisten eskutik.

'Ikurrinak 120 urte', gaur gauean emitituko da, 23:15ean, ETB2n.