Itxi

Gaur

'Down-Town: Iñigo y Urtzi, pasión por el fútbol' dokumentala, ETB2n

A.H.

EITB

Iñigo Hermosok eta Urtzi Urrutiak Down sindromea dute. Euskal futbolari buruzko euren ikuspegi pertsonala eskainiko dute, eta Athleticeko eta Realeko jokalariak ezagutuko dituzte bidaia horretan.

Down-Town: Iñigo y Urtzi, pasión por el fútbol dokumentalaren estreinaldian, ETB2k Iñigo Hermosok eta Urtzi Urrutiak euskal futbolari buruz duten ikuspegi berezia eskainiko du. Iñigok 34 urte ditu, Negurin bizi da, eta, besteak beste, Athleticeko zale amorratua da. Urtzi, berriz, Algortan bizi da, 36 urte ditu eta Realaren jarraitzaile sutsua da. Biek ala biek gauza bat dute komunean: Down sindromea. Horrek bizitzari begiratzeko beste ikuspegi bat eman die, baita euskal futbolari hurbiltzeko beste modu bat. Denboraldi berria hasteko gutxi falta denean, protagonistek aurreko urteko unerik onenak gogoratuko dituzte.

Maiatzean, Txapeldunen Ligarako txartela eskuratu berritan, Iñigo eta Urtzi Athleticen lehenengo taldearekin egon ziren, Lezaman. Athleticen instalazioetan, Ernesto Valverde, Markel Susaeta, Gorka Iraizoz, Iago Herrerin, Ander Iturraspe, Andoni Iraola, Mikel San Jose, Oscar de Marcos, Mikel Balenziaga, Gaizka Toquero eta Ander Herrerarekin egoteko aukera izan zuten. Hizketaldi sakona izan zuten eta zenbait gertaera bitxi izan zituzten.

Egun batzuk geroago, Realak UEFArako txartela eskuratu eta gero, Iñigo eta Urtzi Zubietara joan ziren. Goiz oso bat igaro zuten Jagoba Arrasate, Mikel Gonzalez, Carlos Vela, David Zurutuza, Carlos Martinez, Jon Ansotegi, Xabi Prieto, Imanol Agirretxe eta Claudio Bravorekin.

Down-Town: Iñigo y Urtzi, pasión por el fútbol dokumentalak Lezaman eta Zubietan bizi izandako unerik onenak batzen ditu: esperientzia berriak eta maitagarriak. Iñigok eta Urtzik, gainera, beraien lagunak aurkeztuko dizkiete ikus-entzuleei. Nagore Agirre, Mikel Martija eta Jone Hernandez lagunek ere Down sindromea dute.

Down-Town: Iñigo y Urtzi, pasión por el fútbol dokumentala gaur gauean emitituko da ETB2n, 22:15etik aurrera.