Itxi

22:15ean

Begoña, Kapilduiko radarra eta Platako itsasargia, 'BCV' saioan

M.A.

EITB

Arantza Garcesek hiru erronka berriri helduko die gaur ETB2n.

Gaur, abuztuak 21, Arantza Garcesek altuera handiko hiru erronka aurkeztuko ditu "Basque Country Vertical" saioaren atal berrian. Begoñako Basilikaren kanpandorrea gertutik ezagutuko du Bilbon, Kapilduiko radarrera gerturatuko da eta Platako lurmuturreko itsasargitik behera egiten ausartuko da Pasaian.

Bizkaiko zaindari den Begoñako Andre Mariari eskainitako tenplua bizkaitar sinestunentzako leku arras esanguratsua da. Bilboko Amak bere historia luzean hainbat hondamendi eta egoera latz ezagutu ditu (hiru gerrate, lau erortze, tximistak, lapurreta ugari eta falangisten erasoren bat) eta, hala ere, suntsiezin jarraitzen du. "BCV" saioko taldea kanpandorreko punturik garaienera igoko da, ondoren bertatik berriro lurrera jaisteko.

Bizkaia utzi eta Araba aldera egingo dute ondoren. Arantza Garcesek eguraldia aztertzeko estazio izugarria, Kapilduiko radar meteorologikoa alegia, rapelatuko du bertan. 60 metroko garaiera duen dorrea Gasteiz inguruko mendi tontor altuenean kokatzen da. Kapilduiko radarrak 300 kilometroko azaleran euria, elurra eta txingorra den iragarri dezake.

Bukatzeko, itsasora joko du "Basque Country Vertical" programak. Donostiako eraikin altuenaren garaiera bikoizten duen harrizko horma batean dago gure lurraldeko itsasargirik ikusgarriena: Platako itsasargia. 160 metroko jaitsiera egingo dute, eta behera heldutakoan, sakonago jarraituko dute, urpean. Pasaiako kostaldean hondoratutako ontzi galduak topatuko dituzte bidaia bitxi honen amaieran.

Gaur izango da ikusgai "Basque Country Vertical" abentura programaren atal berria, 22:15etik aurrera, ETB2n.

Informazio gehiago (1)