Edizio berria
Aukeratu dituzte jada ‘El Conquistador 11’ saioko partaideak
Abentura saioko produkzio lan taldea buru belarri ari da lanean dagoeneko, parte hartzaileak aukeratu dituzte eta aurreikusi dutenez, grabaketa udazkenean egitekoak dira.
Geroz eta gutxiago falta da ‘El Conquistador del Fin del Mundo’ saioko edizio berrirako eta, hortaz, ETB2ko saio arrakastatsuko produkzioaz arduratzen den lan taldea hamaikagarren ediziorako behar den guztia prestatzen dabil jada: jokoen nondik norakoak, leku eta eszenatoki garrantzitsuenak zeintzuk izango diren, lan talde teknikoa, egin beharreko bidaiak, etab.
Edizio berri honetako abenturan parte hartuko dutenak ere hautatu dituzte jada, eta grabaketa udazkenean egitekoak dira, urrian eta azaroan. Julian Iantzi izango da beste behin ‘El Conquis’ saioko aurkezlea.
‘El Conquis 11’ saioko parte hartzaileak nortzuk izango diren ez dugu jakingo saioa hasi arte; hala ere, gogoratu horietako bat Angel izango dela, Kortak eta Juanitok aukeratu baitzuten ‘La repesca’ izeneko atalean, joan den edizioan. Halaber, abenturazaleen taldeko partaide izango da ‘Conquistour’ saioko irabazlea ere; irailaren 7an abiatuko da 'Conquistour' saioaren edizio berria, ETB2n.
Castinga
Edizio berri honetarako castinga oso jendetsua izan da eta, hortaz, itxura guztien arabera, lehiakide-taldea anitza izango da. Zein lekutan biziko dira aurten partaideak? Zenbat lehiakide eta talde izango dira? Zein izango dira kapitainak?
Aurrerago joango gara galdera horiek argitzen.