Itxi

Estreinaldia, igandean

Tirolina erraldoia, 'Conquistour'eko aurkezpenean, FesTVal-en

A.H.

EITB

Saioa ETB2ko ordutegi nagusira itzuliko da igande honetan, eta gaur aurkeztuko dute Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan.

'Conquistour' saioaren denboraldi berria aurkeztuko du gaur Euskal Telebistak Gasteizko FesTVal telebista jaialdian. 11:00etatik 13:00etara, Andre Maria Zuriaren plazan, tirolina erraldoi bat jarriko dute hamar metroko altueran, kaleko jendea bertatik jaisteko. Bestalde, aurkezpenean 'El Conquistador' saioko pertsonaia ezagunenak bilduko dituzte, 11:30etik aurrera. Besteak beste, Julian Iantzi, Jose Luis Korta, Manu Maritxalar, Julen Madina eta David Seco egongo dira.

Julian Iantziren eskutik, elitezko talde batek osatuko du denboraldi honetako 'Conquistour' taldea. Astero, herri batean egongo dira, eta herri horretako taldearekin lehiatuko dira. 'El Conquistador de Fin del Mundo' realityaren hurrengo edizioan parte hartzeko txartela izango dute jokoan. Inoiz izan den 'Conquistour' talde onenari irabaztea, baina, ez da erraza izango; izan ere, aurreko bederatzi edizioetako irabazleek osatuko dute elitezko talde hori, saioan parte hartu duten kapitain entzutetsuenen gidaritzapean. Jose Luis Korta, Juanito Oiarzabal, Manu Maritxalar, Mikel Goñi, David Seco eta Julen Madina izango dituzte talde-buru.

Arratsaldean, 'Conquistour'en denboraldi berriaren estreinaurrekoa egingo da Principal antzokian, 19:00etatik aurrera. 'Conquistour' taldeko kideak (aurreko edizioetako irabazleak), sei kapitainak eta Gasteizen grabatutako ataleko partaideak joango dira bertara. Hain zuzen ere, atal hori izango da estreinaurreko ekitaldian ikusgai.

 

Informazio gehiago (1)