Itxi

Gaur gauean

'LND' berezia, 'La muerte de Mikel' filmaren 30. urtemuga dela eta

A.H.

EITB

Felix Linaresek filma errodatzeko izandako zailtasunak azalduko ditu, eta bertan parte hartu zuten aktoreen ibilbidea errepasatuko du, 30 urte geroago.

La muerte de Mikel filma zinema-aretoetan estreinatu zenetik 30 urte pasatu dira, eta ETB2k 'La Noche de...' saio berezia eskainiko du gaur, pelikula filmatzeko lanen nondik norakoak azaldu eta aktoreen ibilbidea errepasatzeko.

1984. urtearen hasieran, Imanol Uribe zinemagileak film polemiko eta ausarta estreinatu zuen: La muerte de Mikel. Garaiko hainbat tabu azaltzen zituen arren, arrakasta handia izan zuen, eta Francoren heriotzaren ondoren zinema ausart eta eztabaidagarriaren aldeko apustua egin zitekeela erakutsi zuen.

Gaur egun, La muerte de Mikel euskal zinemaren historiako pelikula garrantzitsuenen artean dago, eta Imanol Uribe zinema-zuzendari onenen artean dago. Euskal Herriarekin estu lotutako filmak egin ditu, hala nola Días contados, La fuga de Segovia eta El proceso de Burgos.

'LND' saio bereziak pelikula filmatzeko lanen zailtasunak azalduko ditu, oso aurrekontu murritza izan baitzuen. Halaber, filmean parte hartu zuten aktoreen ibilbidea errepasatuko du: Imanol Arias, Xabier Elorriaga, Ramon Barea, Amaia Lasa, Fernando Telletxea Fama eta Jose Antonio Bielfa La Otxoa.

Horrez gain, Javier Agirresarobe argazki-zuzendariaren eta Alberto Iglesias soinu-bandaren egilearen lana goraipatuko du. Biek ala biek arrakasta handiko pelikuletan parte hartu dute Hollywooden.

'La Noche de... La muerte de Mikel' gaur gauean emitituko da, 22:15etik aurrera, ETB2n.

Informazio gehiago (1)