Estreinaldia
'Conquistour' gaur hasiko da ETB2n
A.H.
EITB
Elitezko talde batek osatuko du denboraldi berriko 'Conquistour' taldea: aurreko 'El Conqusitador' edizioetako irabazleek eta sei kapitainek osatuko dute. FesTValean aurkeztu du ETBk 'Conqusitour'.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iragan ostiralean, irailak 5, 'Conquistour'en denboraldi berria aurkeztu zuen Euskal Telebistak Gasteizko FesTVal telebista jaialdian. Gaur, irailaren 7an, hasiko da saioa, gaueko 22:15ean. Julian Iantzik gidatuta, elitezko talde batek osatuko du denboraldi honetako 'Conquistour' taldea. Astero, herri ezberdin batean egongo dira eta herri horretako taldearen aurka lehiatuko dira. 'El Conquistador del Fin del Mundo' realityaren hurrengo edizioan parte hartzeko txartela zuzena izango dute jokoan. Baina inoizko 'Conquistour' eko talde onenari irabaztea ez da erraza izango.
Aurkezpenak, Gorka Garcia ETBko Programa eta Arte zuzendaria, eta 'Conquistour' saioaren denboraldi berri honetako pertsonaiak bildu ituen, besteak beste, Julian Iantzi, Jose Luis Korta, Manu Maritxalar, Julen Madina eta David Seco. Gainera, goizeko 11:00etatik 13:00etara tirolina erraldoi bat jarri zuten hamar metroko altueran, nahi duenak parte har zezan.
Elitezko taldea
Denboraldi honetan, Jose Luis Kortak eta Juanito Oiarzabalek elitezko kapitain taldea osatu dute, eta euren ohorea defendatzea izango dute helburu. Mikel Goñi, David Seco, Julen Madina eta Manu Maritxalarrek erronka onartu dute, eta euren agindupean, 'El Conquistador del fin del Mundo' saioaren aurreko edizioetako bederatzi irabazleak bilduko dituzte: Eneko Van Horenbeke, Raul Arribas, Lourdes Zurriarain, Gorka Toraño, Gotzon Mantuliz, Egoitz Rios, Nakor Markez, David Seco eta Oskar Sanz.
Herrietako taldeek inoiz baino zailagoa izango dute 'Conquistour'ean jokoan dagoen Patagoniarako txartela lortzea; izan ere, programaren inoizko talderik onenaren kontra egin behar izateaz gain, proba oso gogorrak gainditu beharko dituzte.
Dinamika berria
Horrez gain, lehiaketaren dinamikak berrikuntza handiak izango ditu bigarren denboraldi honetan. Lehenengo erronka, kapitainen arteko lehia izango da. Talde bakoitzeko liderrak elkarren kontra lehiatuko dira 'azkeneko proba'ri begira abantaila izateko eta taldearentzat janaria lortzeko.
Azkeneko proba horretan, taldeko kide guztiek parte hartuko dute, eta finalaurrekorako pasea izango dute jokoan. 'Conquistour' taldeak garaipena lortzen badu, herriko taldea lehiaketatik kanpo geratuko da zuzenean. Herriko taldeak irabazten badu, taldeko kideen artean 'El Conquistador del Fin del Mundo' saiora joango den lehiakidea aukeratu beharko dute.
Estreinaurrekoa
Ostiral arratsaldean, 'Conquistour'en denboraldi berriaren estreinaurrekoa egin zen Principal Antzokian. Bertara, 'Conquistour' taldeko kideak (aurreko edizioetako irabazleak), kapitainak eta Gasteizen grabatutako ataleko partaideak joan ziren. Atal hori izan zen, hain zuzen ere, estreinaurreko ekitaldian ikusgai izan zena.