Itxi

22:15ean

Enkarterriko gastronomia, gaurko 'No es País para Sosos' saioan

A.H.

EITB

Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariek Javier Anton aktorea izango dute gonbidatu.

Gaur gauean, Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariak Enkarterrira bidaia egingo dute 'No es País para Sosos' saioan. Javier Anton aktorea izango dute gonbidatu, eta berak erabaki beharko du bietako nork lortu duen tokiko gastronomiaren esentzia bere platerean jasotzea.

Enkarterri: Burdinarekin lotura estua duen gastronomia

Sukaldarien bidaia Balmasedan hasiko da, eta Javier Anton aktorearekin bilduko dira bertan. Trenbideetako eltze batean egindako indabak dastatuko dituzte.

Anderrek bere bakarkako ibilbidea Alonsotegin hasiko du, eta ondoren Zierbenara joango da, itsasoak eskaintzen dituen gozamenerako jakiak gertutik ezagutzera.

Bitartean, Ramon, saioaren historian lehen aldiz, Euskal Herritik haratago joango da, eta Miguel Angel Revilla Kantabriako presidente ohiarekin bilduko da Villaverde Turtziozen. Etxera bueltan, geldialdia egingo du Zallan, bertako tipula morea ezagutzeko.

Karrantzako Pozalagua haitzuloetan bilduko dira sukaldariak eta Javier Anton bigarren aldiz. Baina azken erronkaren aurretik, berriro banatuko dira.

Anderrek oso hitzordu berezia izango du Aimarrekin, 'Master Chef Junior' saioko lehiakide gaztearekin. Ramon, bere aldetik, Galdamesera joango da, Loizaga dorreko kotxe bilduma ikusgarria ezagutzera.

Enkarterriko gastronomiaz eta kulturaz blai, bi sukaldariak elkarren arteko norgehiagokarako prest egongo dira. Lanestosa herrian burutuko dute erronka, Javier Anton aktorearen begiradapean. Nor izango ote da aste honetako irabazlea?

'No es País para Sosos' gaur emitituko da, 22:15etik aurrera, ETB2n.

Informazio gehiago (1)