Itxi

Orion

Orioko taldea, 'El Conquis' saiorako txartela lortzeko aukerarik gabe

Xarpasek zuzendutako taldeak 'kapitainen lehia' irabazi zuen, baina proba erabakigarrian galtzaile atera zen 'El Conquistador del Fin del Mundo'ko irabazleek osatutako taldearen aurrean.

Elitezko taldea eta oriotarren taldea Julian Ianztirekin 'Conquistour' saioan. Argazkia: EiTB

Igandean, irailaren 7an, hasi zen 'Conquistour' saioa ETB2n. 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioko irabazle izandakoek osatzen dute elitezko taldea, eta Euskal Herriko herri askotako taldeen aurka lehiatuko dira. Elitezko taldeak Korta, Juanito Oiarzabal, Mikel Goñi, David Seco, Julen Madina eta Manu Maritxalar izango ditu kapitain lanetan.

Orion egin zen lehen lehia. Korta eta Juanito izan ziren elitezko taldeko kapitainak, eta Eneko, Raul, David Seco eta Oscar 'El Conquis' saioko irabazleek osatutako taldea zuzendu zuten. Bestalde, Xarpas lehiakide ohiak zuzendu zuen Manu Lasarte, Alex Ortega, Amaia Arteaga, Josu Perez eta Haitz Ortiz oriotarrek osatutako taldea.

Aurtengo 'Conquistour' saioan berrikuntza asko daude. Lehia kapitainen arteko dueluarekin hasiko da, eta proba honek lehia erabakigarrian abantaila lortzeko balioko du. Lehia erabakigarrian bi taldeetako partaide guztiek egin beharko dute borroka. Elitezko taldeak irabaziz gero, herriko taldea kanporatuta geratuko da, baina herrietako bateko talde batek 'El Conquis' saioko irabazleek osatutako taldea gainditzen badu, finalerdietarako txartela lortuko du, eta talde horretako kideetako batek zuzenean 'El Conquistador del Fin del Mundo' saiora sartzeko txartela lortzeko lehian jarraitu ahalko du.

Kapitainen arteko lehia

Igandeko saioan, eguneko lehen proban, kapitain bakoitzak hiru taldekide aukeratu behar izan zituen lehian lagun izateko. Korta kapitainak Eneko, Oscar eta David aukeratu zituen, eta Xarpasek, Josu, Haitz eta Manu.

Proban egin beharrekoa honakoa zen: Julianek irteera eman ondoren, talde bakoitzeko lehiakide batek uretara salto egin zuen, eta buiaraino joan zen, bertan buloiak aurkitzera. Taldekideak lau buloiak aurkitutakoan, bere taldeko beste partaideak sartu ziren uretara, buloiak hartu zituzten, eta zubirantz joan ziren. Zubian hiru masta aurkitu zituzten, talde bakoitzak berea, eta erdian beste bat. Buloien laguntzaz, talde bakoitzeko bi partaidek bere koloreko mastatik igo behar izan zuten, eta banderatxo bana hartu. Hirugarren lehiakideak erdiko mastatik igo behar izan zuen azken banderatxoa hartzeko. Hiru banderatxoak eskuratu ostean, lehorrera joan behar izan zuten, bertan ikurrina hartzeko.

Kapitainen lehiako emaitza

Xarpasek zuzendutako taldeak, oriotarren taldeak, ezustekoa eman zien 'El Conquis' saioko irabazleek osatutako taldeari. Uretan askoz hobeto moldatu ziren, eta 'kapitainen lehia' irabazi zuten. Sari moduan, janari bikaina egiteko aukera irabazi zuten, eta galtzaileek morokila eta sardina latak jaso zituzten jateko.

Korta, Juanito eta horiek zuzendutako taldeko lehiakideak haserretu egin ziren, baina proba galdu zutenez, horiek jan beste erremediorik ez zuten izan.

Proba erabakigarria eta Kortak saioa uzteko erabakia

Bazkalostean, Julian Iantzik bi taldeak batu zituen azken proba nola egin behar zuten azaltzeko. Julianek irteera emandakoan, talde bakoitzeko kapitainak eta honek aukeratutako beste lehiakide batek zubitik uretara jauzi egin behar izan zuten. Ondoren, igerian lehen buiaraino iritsi behar izan zuten, eta, kayak bat hartuta, bigarren buiara iritsi behar izan zuten, bertan banderatxo bat hartzeko. Jarraian, lehen buiara itzuli behar izan zuten, eta kayaka lotuta utzi. Kayaka lotutakoan, gainerako taldekideek zubitik jauzi egin behar izan zuten, eta soka bat zegoen tokira iritsi. Bertan tirolina bat aurkitu zuten, eta talde bakoitzaren koloreko banderatxo bi hartu behar izan zituzten. Banderatxoak hartu ostean, hirugarren buiara abiatu ziren, eta trainerilla bat edo raft bat hartu behar izan zuten zubira gerturatzeko. Zubira heldutakoan, kako bat bota behar izan zuten zubiaren goialdera, eta taldekide guztiek sokatik igo behar izan zuten zubira. Taldekide guztiak zubi gainera iritsitakoan hartu ahal izan zuten ikurrina.

Kortari ez zitzaion proba gustatu, haserretu egin zen, eta saioa uztea erabaki zuen. Julian Korta konbentzitzen saiatu zen, baina honek ez zuen bere asmoa aldatu eta bere taldea kide bat gutxiagorekin utzi zuen.

Azken probaren emaitza

Proba erabakigarriaren lehen txanpan, oriotarrak izan ziren nagusi, abantailatxoa lortu zuten, eta sokara aurretik iritsi ziren. Tirolinan, ordea, indarrak parekatu egin ziren.

Tirolinaren ostean, 'El Conquis' saioko irabazleek osatutako taldea jarri zen aurretik, baina kakoa ahaztu egin zitzaien, eta atzera egin behar izan zuten. Ondorioz, oriotarren taldea abantaila politarekin iritsi zen zubira. Zubian, ordea, Xarpasek zuzendutako mutilek ez zuten kakoarekin asmatu, eta Juanito Oiarzabalek zuzentzen zuen taldeari zubira iristeko denbora nahikoa eman zioten.

Bi taldeek parean katigatu zuten kakoa zubi gainean, baina sokatik igotzen 'El Conquis' saioko irabazleek osatutako taldea izan zen nagusi. Azkenean, Juanitok zuzendutako taldea atera zen garaile.

Oriotarrek galdu egin zuten azken proba, eta, ondorioz, 'El Conquistador del Fin del Mundo' saiora zuzenean sartzeko txartela lortzeko aukera gabe geratu ziren.

Informazio gehiago (1)