Informazioan lider
Albistegiek denboraldi berriari ekin diote
A.E.
EiTB
Egunero hamar informazio ordu baino gehiago eskainiko ditu ETBk, 'Egun On Euskadi', 'ETB Hoy', 'Gaur Egun', 'Teleberri', 'Eguraldia' eta 'Azpimarra' saioekin.
Your browser doesn’t support HTML5 video
ETBko albistegiek gaur hasi dute denboraldi berria. Ikus-entzuleen babesari eta audientzian lidergoari eustea dira helburu nagusiak. Astelehenean ekingo diote urte berriari, egunero batez beste hamar informazio ordu baino gehiago eskainiz, 'Egun On Euskadi', 'ETB Hoy', 'Gaur Egun', 'Teleberri, 'Eguraldia' eta 'Azpimarra' saioekin. Horiei guztiei asteroko 'El Dilema', 'Debatea', 'Azpimarra +' eta 'Palabra de Ley', eta albistegi eta erreportaje bereziak erantsi behar zaizkie, gainera. Goizean goizetik hasiko da ETB informazioa aletzen eguneko albistegi eta saioetan.
ETB1eko albistegi zerbitzua da goiztiarrena: 'Egun On Euskadi' saioa 08:00etan jarriko da abian, Estepan Aldamiz-Etxebarriarekin eta Olaia Urtiagarekin. Tertuliak eta egun-eguneko elkarrizketak eta albisteen errepasoak osatzen dute tartea.
Ondoren, 'ETB Hoy' magazinak, ETB2n, aktualitateko elkarrizketari lekua egingo dio berriro astelehenetik aurrera, 12:30ean, Olaia Urtiagarekin. Miramondik, Silvia Intxaurrondok hartuko dio lekukoa debate mahaiarekin. Intxaurrondo, hain justu, duela bi aste hasi zen berriro bere tartearekin ETB2n.
Amaia Urkiak aurkeztuko du 'Teleberri 2'
'Teleberri' albistegiak, berriz, audientziaren % 16,9rekin eta 221.000 ikus-entzuleko audientzia metatuarekin, Euskadin lidergoa sendotzea du xede. ETB2ko albistegietan bada nobedade nagusi bat: Amaia Urkia kazetari legazpiarrak aurkeztuko du gaueko 'Teleberri'. Eguerdietan Africa Baeta izango dugu, eta asteburuetan, Estibaliz Ruiz de Azua, orain arte bezala.
'Kirolak' da, halaber, kirol informazio saiorik ikusiena Euskadin; % 13,4ko audientzia zatia eta 145.000 ikus-entzuleko audientzia metatua eskuratu ditu. Ahalegin horretan jarraituko dute aurrera begira ere. ETB1en Sara Gandara eta Ana Ramos izango dira kirol berrien gidari; ETB2n, haatik, Jose Ituarterena eta Jon Balentziagarena da ardura hori.
'Gaur Egun' albistegiak, bestalde, euskaldunen artean % 6ko audientzia lortu du edizio guztietan. Aurreko urteko aurkezle berdinak izango ditu: eguerdian Xabier Usabiaga eta Saioa Martija, gauean Ander Arzak, eta asteburuan Amaia Cayero.
'Eguraldia' tartea audientzian buru dugu EAEn eta orain arteko asmoei eustea da bere xedea. Urko Aristik zuzendutako saioa, hartara, eguraldiaren iragarpenarekin, ingurumenaren eta aroaren inguruko erreportajeekin, eta ikus-entzuleen ekarpenekin osatzen da, argazki eta bideoekin, besteak beste. Andoni Aizpuruk eta Ana Urrutiak aurkezten dute aste barruan, eta June Ansoleagak ematen digu eguraldiaren berri asteburu eta jaiegunetan.
'Azpimarra', Maddalen Iriarterekin eta Asier Odriozolarekin
Bestalde, 'Azpimarra' erreferentziazko albiste saioa irailaren 29an itzuliko da, arratsalde eta iluntze parteko ETB1eko udazkeneko saio gehientsuenekin batera. Maddalen Iriartek denboraldi honetan Asier Odriozola kazetaria izango du lankide. Saioak, 17:15etik aurrera, egunero, azken ordukoa, tertulia eta elkarrizketak ekarriko ditu. Bestalde, 'Azpimara +' saioak ere ez du hutsik egingo astearte gauetan, irailaren 30etik aurrera, elkarrizketa eta solas tartearekin.
'Debatea' eta 'El Dilema', Eskoziari buruz
Gaur gauean ekingo dio urteari 'El Dilema' tarteak. Lantaldearen zati bat, Juan Carlos Etxeberria buru dela, Edinburgora joan da oraingoan, eta Eskoziako Parlamentuaren ataritik emango du berri Etxeberriak. Xabier Usabiagak gidatutako 'Debatea' eztabaida saioak ere Eskoziako galdeketa izango du hizpide bere estreinaldian, irailaren 18an. Saioaren barruan, gainera, Jaime Otamendik gidatutako erreportaje bat emango da.
Aktualitatea, eitb.eus-en
Ahalegin horrek guztiak jarraipena eta isla izango du eitb.eus erreferentziazko webgune multimedian. Une oro eguneratutako informazioa, bideo eta argazkiekin osatuta, eduki bereziak, zuzenekoak, eta gertaera eta berri garrantzitsuenen inguruko orrialdeak biltzen ditu EiTBko internet atariak.