Itxi

CONQUISTOUR

Manu Maritxalar, nagusi Miguelizen aurrean

'El Conquis' saioko irabazleek osatutako taldeak, Maritxalar buru, garaipena lortu du Migueliz kapitain izan duen taldearen aurka.

Manu Maritxalarrek zuzendutako taldea, garaipena ospatzen. Argazkia: EiTB

'Conquistour' saioko bigarren atala Errenterian egin zen, eta une ikusgarri eta dibertagarri asko utzi zizkigun. Manu Maritxalar izan zen 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioa irabazi duten lehiakideekin osatutako taldean gidari, eta Miguelizek osatutako taldea izan zuten aurrean. Miguelizen taldeko lehiakide guztiak karatekak izan ziren.

Manu Maritxalar azken unean sartu zen kapitainen hautaketan, eta bere taldeak beldur gehiago zion Manuri berari aurkariari baino. Azkenean, ordea, boxeolari ohiak maila ona eman eta garaipena lortu zuen.

Kapitainen proba

Miguelizek eliteko taldea osatu zuen, lehiakide guztiak karatekak ziren. Batzuek, gainera, nazioarteko tituluak zituzten palmaresean. Bi taldeak aurrez aurre lehen aldiz egon zirenean, Manu Maritxalarren taldeak barre egin zion Miguelizek osatutako taldeari. Kapitainen proban, ordea, Maritxalarren mutilek ez zuten hainbeste barre egin.

San Marcosera tandem batean egin beharreko igoeran Miguelizek zuzendutako taldeak aurrea hartu zuen, baina huts txiki batek behera bota zuen abantaila, eta Manu Maritxalar kapitain zuen taldea izan zen irabazle. Kapitainen proban parte hartzen zuten lehiakideez gain, gainerako taldekideek ere ikurrina hartu behar zuten, baina Mikel ez zen horretaz ohartu eta Miguelizen taldea galtzaile atera zen.

Manu Maritxalarren taldeak bazkari dotorea izan zuen kapitainen proba irabazi ostean, sari moduan. Miguelizek zuzendutako taldea, ordea, galtzaile izan zen, eta polenta eta sardinekin konformatu behar izan zuten.

Proba erabakigarria

Kapitainen proban garaipena lortu arren, Manu Maritxalarrek urduri jarraitu zuen. Azken proba Errenteriako erdigunean jokatu zen, eta Manuk presio handia zuen erreka ondoan jende mordoa baitzegoen proba ikusteko zain.

Ondo jatearen eta kapitainen proba irabaztearen garrantzia agerian geratu zen Errenterian. Miguelizen taldeak denbora asko galdu zuen kapitaina askatzen eta horri guztiari "Kala"k igerian ez zekiela gehituz gero, Miguelizen taldeak porrota ziurtatuta zuen.

Azkenean, Manu Maritxalarren taldea uste baino errazago nagusitu zen, eta Miguelizek osatutako taldea 'El Conquistador del Fin del Mundo' saiora zuzenean sartzeko txartela lortzeko aukerarik gabe geratu zen.

Bitik bi garaipen Conquistourreko taldearentzat

'Conquistour' taldea garaile atera zen iragan astean Orion, eta oraingoan ere garaipena lortu dute. Bitik bi garaipen daramatzate, eta argi eta garbi utzi dute talde sendoa dela. Gai izango al da baten bat talde honen bolada onari amaiera emateko?

Albisteak (1)

Informazio gehiago (1)