Itxi

22:15ean

'Goazen gudari danok' gaur gauean ETB2n, 'La Noche de...' berezian

A.H.

EITB

1936. urteko Zirardamediko batailaren nondik norakoak aztertuko ditu dokumentalak, eta, ondoren, Juan Carlos Etxeberriak 'El Dilema' saio berezia gidatuko du, memoria historikoari buruzkoa.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Goazen gudari danok dokumentala eskainiko du gaur gauean 'La Noche de...' saioak 22:15ean ETB2n. 1936ko irailaren 25ean Elgoibar eta Markina artean izan zen Zirardamendiko batailaren nondik norakoak azalduko ditu dokumentalak, eta Euskadiren historian gertakari hark izan zuen garrantziaren berri emango du. Felix Linaresek horren grabazioaren hainbat xehetasun azaldu eta gerra zibilean izandako gertakarien inguruko informazioa emango du, betiere, zinemaren munduko istorioei erreferentzia eginez. Dokumentalaren ondoren, Juan Carlos Etxeberriak memoria historikoaren inguruko solasaldia gidatuko du 'El Dilema' saioan.

Zirardamendiko bataila eta gudarien deshobiratzea

Hirurogeita hamar urteren ondoren, Aranzadi zientzia elkarteko kideek Elgoibar eta Markina artean dagoen Zirardamendin lurperatutako lau gudariren gorpuzkinak atera dituzte hobitik. Gudari gazteak dira, Arana Goiri batailoiko kideak, 1936ko irailaren 25ean erreboltarien aurka Zirardamendiko batailan hil zirenak. Horietako bakoitzak bala batek egindako zulo bana dauka buru-hezurrean. Gorpuzkinak oso hondatuta daude, baina horietako bat Sabin Atutxa dela egiaztatu dute, DNA probak eginda.

1936ko irailaren amaieran, Gipuzkoa galdu ostean, Bizkaia ere Errepublikaren aurka matxinatutako erreboltarien eskuetan erortzeko arrisku betean zegoen. Egun horietan, Sabinek eta bera bezala Errepublikaren alde borrokan ziharduten boluntarioek Gipuzkoa eta Bizkaia arteko mugan gogor eutsi zioten fronteari. Horrela izan ez balitz, Euskadi osoa matxinoen esku geldituko zen, eta Jose Antonio Agirre lurralde gabeko aberri baten lehendakari besterik ez zen izango. Izan ere, Arana Goiri batailoiko kideak irailaren 25ean Zirardamendin borrokatu zirelako egonkortu zen frontea. Ondorioz, Autonomia Estatutua onartu eta Eusko Jaurlaritzak zazpi hilabetez Euskadin agintzeko eta bere lehentasunak abian jartzeko aukera izan zuen.

Aranzadik egindako deshobiratzea eta Sabinen sendia abiapuntutzat hartuta, Goazen gudari danok dokumentalean Zirardamendiko batailaren nondik norakoak deskribatuko dira, eta historian gertaera hark izan duen garrantziaren berri emango da.

Elkarrizketak eta fikzioa

Dokumentala elkarrizketen eta fikzioaren bidez egituratuko da. Elkarrizketei dagokienez, lekukoek eta historialariek (Josu Txueka, Iñaki Goiogana, Patxi Juaristi) 1936ko irailaren amaieran Markinako frontean eta Euskal Herrian gertatutakoaren berri emango dute, eta antropologian eta genetikan adituek (Paco Etxeberria, Lourdes Herrazti, Marian Martinez de Pancorbo), berriz, deshobiratzeen berri emango dute.

Fikzioaren bidez, bestalde, Arana Goiri batailoiaren sorrera, Zirardamendiko bataila eta eusko gudariak goraipatzen dituen abestiaren sorrera irudikatuko dira. Grabazioetan 200 figurantek baino gehiagok parte hartu zuten, eta denek garaiko uniformea jantzi zuten eta gerra zibilean erabilitako fusilen erreplikak erabili zituzten. Horrez gain, garaiko autobus txiki bat eta kamioneta bat ere erabili zuten filmatzean. Gudariek Bilbon instrukzioa eta entrenamendua jaso ondoren, hiriburutik Zirardamendirako bidea horrelako ibilgailuetan egin baitzuten. Edu Barinaga eta Ivan Gonzalezena izan da gidoiaren eta zuzendaritzaren ardura.

1936ko irailean gertaera asko pilatu ziren, eta, gaur egun ozta-ozta gogoratzen diren arren, Euskadiko historian berebiziko garrantzia izan zuten. Goazen gudari danok dokumentalaren bitartez, gertaera haiek lurpetik argitara atera, eta Euskal herriaren historian dagokien lekua eman nahi zaie.

Emanaldiaren ondoren, 'El Dilema'

Juan Carlos Etxeberriak, memoria historikoa hizpide hartuta, 'El Dilema' saio berezia gidatuko du gaur gauean, 00:00etik aurrera. Solasaldi mahaiaren inguruan, hauek egongo dira: Olga Alcega, Nafarroako fusilatuen elkarteko kidea; Felix Placer, apaiza; Josu Txueka, historia garaikidean doktorea; Lourdes Errazti, Aranzadi zientzia elkarteko kidea, eta Fernando Mendiola, Nafarroako Unibertsitateko historia irakaslea.

Bideoak (1)