Itxi

23:15etik aurrera

Mundu mailako mehatxu jihadistaz, gaur, 'El Dilema' saioan

A.H.

EITB

Juan Carlos Etxeberriak, aditu talde batekin, estremismo jihadistaren mehatxua aztertuko du. Estatu Islamikoa, horren finantzazio iturriak eta helburuak, aztergai, gaur, 23:15ean, ETB2n.

Mundu mailan mehatxu jihadistak duen garrantzia aztertuko dute aste honetan 'El Dilema' saioan. Ameriketako Estatu Batuek (mundu arabiarreko hainbat herrialde kide dituela) bultzatutako nazioarteko koalizioa egiten ari den erasoetan dago jarrita egunotan nazioartearen arreta, Estatu Islamikoaren aurka Siriako ipar-ekialdean egiten ari diren erasoetan, alegia.

Mendebaldeko potentziak eta mundu arabiarreko zati handi bat batu egin dira estremismo jihadistaren aurka egiteko, lider musulmanak Estatu Islamikoa izenekoaren aurkako jarrera hartu dute, komunikabideek ez daukate argi jasotzen dituzten propaganda kutsuko edukiak nola landu, eta horietan larrienak bahituta dituztenak nola hiltzen dituzten erakusten duten bideoak dira.

Baina, zer dakigu estremista hauen inguruan? Nortzuk dira? Nola finantzatzen dira? Zeintzuk dira euren helburuak? Aurre egiteko jarraitu diren bideak zuzenak izan dira? Europarentzat ere arriskutsuak dira? Non eta nola batzen dituzte euren kideak? Nola egin aurre horien propagandari sare sozialetan?

Adituak eztabaidarako mahaian

Galdera horiei eta beste hainbati erantzuten saiatuko da aditu talde bat eztabaidarako mahai-inguruan. Honako hauek izango dira mahai-inguruan: Ramon Lobo, gatazka armatuetan aditua den kazetaria; Ana Aizpiri, ETBko kazetaria eta mundu arabiarrean aditua; Mikel Ayestaran, mundu arabiarrean aditua den kazetaria; Luis de la Corte, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakaslea eta jihadismoan aditua; Juanjo Sanchez Arreseigor, historialaria eta mundu arabiarrean aditua; eta Abdul Haqq Salaberria, European Muslim Union elkarteko ordezkaria Euskadin.

Halaber, nazioarteko terrorismoan aditua den Fernando Reinaresekin ere hitz egingo dute saioan, eta baita Igor Urizar gazte durangarrarekin ere; izan ere, duela lau urtetik Kurdistanen, Iraken, izaten da neguan. Oraingoz, lasai dago inguru hori, baina gero eta mehatxu gehiago jasotzen ditu Estatu Islamikoaren aldetik.

'El Dilema' gaur gauean izango da ikusgai, 23:15etik aurrera, ETB2n.

Informazio gehiago (1)