Kirolak
Titinen agurra, gaur, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en
A. A.
EiTB
ETBko kirol eskaintza Bilbao Basket-Fuenlabrada saskibaloi partidak, Lombardiako Itzuliak eta Aimar Irigoien-Hodei Izeta desafioak osatuko dute.
ETB1ek eta eitb.eus webguneak zuzenean eskainiko dute Titin III.a pilotariaren agurra gaur. Logroñoko Adarraga pilotalekuan jokatuko du triziotarrak profesionaleko bere azken partida, Merino II.a lagun duela. Aurrez aurre, berriz, Irujo eta Cecilio. Bertan gertatzen den guztiaren zuzeneko kontakizuna egingo dute arratsaldeko bostetatik aurrera Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Elena Azpeitiak. Jaialdiko atarikoan, Gorka-Merino eta Jaunarena-Pascual bikoteak arituko dira nor baino nor gehiago.
Titinen agurraren karietara, erreportaje berezi bat ere eskainiko du Euskal Telebistak: 'Titin III.a iraultzailea' atzo eskaini zen ETB1en, 22:30ean, eta 'Titin III, un antes y un después' gaur eskainiko da, ETB2n, gauerdian.
Saskibaloia, txirrindularitza eta herri kirolak
ETBren igandeko kirol eskaintza saskibaloiak, txirrindularitzak eta herri kirolek osatuko dute.
12:15ean Endesa Ligako Bilbao Basket-Fuenlabrada neurketa izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, Xabier de la Fuenteren, Josean Aldalurren eta Juan de la Vegaren kontakizunarekin.
15:30etik aurrera, Lombardiako Itzuliaren berri emango dute ETB1en Fermin Aramendik eta Xabier Usabiagak.
Amaitzeko, ETBKn, 20:30ean, Aimar Irigoienen eta Hodei Izetaren arteko desafioaren ingurukoak bilduko ditu Juanan Legorburuk. Azpeitiko zezen plazan dute hitzordua bi harrijasotzaileek urriaren 4an.
Futbol laburpenak
Mikel Olazabalek gidatutako 'Gol Festa' saioak Lehen Mailako futbol jardunaldia errepasatuko du 19:30etik aurrera ETB1en. Bestalde, Jorge Cerratok Real Madrid-Athletic partidaren laburpena egingo du 22:50ean.