Gaur 22:15ean
'LND'ren 20. denboraldiaren hasiera, 'Origen' filmaren emanaldiarekin
A.H.
EITB
Saioak Hugh Jackman aktorea epaituko du, 20 urteotan egindako akatsak aitortuko ditu, eta atal berria eta harrigarria aurkeztuko du.
Gaur gauean, 'La Noche de...' saioak hogeigarren denboraldia abiatuko du. Laster hogei urte beteko ditu saioak telebistan, eta ibilbide luze honetan hainbat sari eta aipamen lortu ditu. Hala ere, 'LND'k lortutako meritu handiena audientziaren fideltasuna izan da, ikus-entzuleek ez baitute inoiz galtzen asteartero Felix Linaresekin duten hitzordua.
Hogeigarren denboraldiari ekiteko, Origen filma izango dugu ikusgai. Bertan, Leonardo DiCaprio protagonistarekin batera, lehen mailako beste hainbat aktore ikusiko ditugu: Joseph Gordon-Levitt, Ellen Page, Marion Cotillard eta Ken Watanabe, besteak beste. 'La Noche de...' saioak pelikularen hainbat bitxikeria eta ezaugarri azalduko ditu; tartean, eszenarik ikusgarriena nola grabatu zuten.
Gainera, igandean urteak beteko dituen Hugh Jackman aktore ezagunari buruzko erreportaje bat ere eskainiko dute, azken urteetan egin dituen akatsak agerian utziz.
Besteak epaitu ez ezik, norbere akatsak ere onartu behar direnez, 20 urteotan Felix Linaresek egindako hanka-sartzeen errepasoa egingo dute saioan. Eta, amaitzeko, ikus-entzuleak harrituko dituen Politicamente Incorrecto izeneko atal berria estreinatuko dute.
'La Noche de... Origen' gaur gauean emitituko da, 22:15ean, ETB2n.