Gaur, 15:45ean
Irati Anda eta Dinbi Danba batukada, 'Zuek Hor eta Gu Hemen' saioan
A.E.
EiTB
Donostian egindako parrila txapelketan aritu diren Aitor Manterola eta Aitor Etxabe ere izango dira Alkain eta Galartzaren saioan ostiral honetan 15:45etik aurrera.
Irati Anda, parrila txapelketako parte-hartzaileak, Dinbi Danba batukada taldea eta beste hainbat lagun bilduko dira ostiralean "Zuek hor eta gu hemen" saioan Anjel Alkain eta Iker Galartzarekin batera.
Estatu mailan parrila txapelketa jokatu berri da, eta bertan izan diren bi parte-hartzaile gonbidatu ditugu platora: Aitor Manterola lezoarra eta Aitor Etxabe arrasatearra. Txapelketako podiumean izan dira biak: Manterola izan da irabazle eta Etxabe hirugarren. Ikuskizun polita eskainiko digute zuzen-zuzenean Miramongo estudioetatik.
Saioa Lopezek, ostiralero moduan, asteburuko jaien agenda iragarriko digu. Berarekin etorriko dira Dinbi Danba batukada taldeko kideak, eta denen artean burrunba ederra egingo dute! Gainera, larunbatean Oiartzunen ospatuko den bertso-eskaladaren harira, Irati Anda bertsolari eta eskalatzailea izango dugu gonbidatu.
Aurretik, ordea, Nuntzeberry atalarekin hasiko da saioa. "Gaur Egun" albistegiak baztertu dituen albisteak erakutsiko dizkigute Anjel Alkainek eta Iker Galartzak. Eguneko albisteez gain, albiste bitxiak ere izango dira, eta dei bereziren bat ere jasoko dute aurkezleek.
Agurne Anasagastik gidatuko du tertuliarako tartea, eta dagoeneko ezagunak ditugun hiru tertuliakide izango ditugu mahaiaren inguruan: Maisha MC, Saioa Lopez eta Maite Bastos. Pernando Amezketarra jaio zela 250 urte bete direla eta, Maisha MCk bertso-rapa nola egin erakutsiko digu.
Mario Vaquerizo ere izango dugu tertulian iritzia ematen. Zer pentsatuko ote du Vaquerizok bertsolaritzari buruz? Animatuko al da bertso-rapa egitera?
Jon Urbieta ere platoan izango dugu ikus-entzuleekin harremanetan, zuzen-zuzenean! Tertuliako gaiari lotuta, zerk haserretzen zaituzte? Zerk sutzen zaituzte? Bidali zuen erantzunak #zuekhor erabilita edota gure WhatsAppera (605779540).
Hori guztia eta askoz gehiago, 15:45etik aurrera, ETB1en!