Itxi

15:00etan

Jon Arretxe idazleari elkarrizketa, gaurko 'Sautrela'n

A.H.

EITB

Idazleak bere azkeneko lana aurkeztuko du, Hutsaren Itzalak, eta ibilbidea errepasatuko du Hasier Etxeberria aurkezlearekin.

Jon Arretxe, euskal idazle arrakastatsu eta irakurrienetakoa, gaurko 'Sautrela' saioan izango da gonbidatu. 1997ko Ostegunak nobela sonatu hartatik, liburu mordoa argitaratu ditu. Bidaia liburu bat baino gehiago plazaratu du esaterako, baina azken boladan polizia nobelak idazten dihardu buru-belarri. Azkeneko hiruak Toure burkinafasoarra dute protagonista. Bilboko San Frantzisko auzoan bizi den etorkina da Toure, hamaika lantxo eginez bizibidea aurrera ateratzeko moldatzen dena. Hutsaren Itzalak da haren istorioak kontatzen dizkigun hirugarren nobela, eta hari buruz jardungo da larunbateko 'Sautrela' saioan. Toure tragedia lazgarriei egin beharko die aurre, gertu gertutik ezagutu beharko ditu arrazakeria eta mafien jukutriak. Euskal literaturan pertsonaia bakana den horri buruz jardungo zaigu Arretxe.

Erreportajean, duela bost urteko lana berreskuratuko du 'Sautrela'k. Izan ere, bost urte bete dira Pablo Antoñana idazle nafar bikaina zendu zenetik. Laurogeita bi urterekin joan zitzaigun Vianan jaio eta Iruñean laketutako idazlea. Haren heriotzan eginiko erreportaje eder bat berreskuratuko du 'Sautrela'k. Nor izan zen Antoñana? Nolakoa izan zen bere literatur obra? Ze garrantzia izan du guretzat eta bereziki nafar literaturarentzat?

Beñat Sarasolak elkarrizketaren ildoari jarraituko dio nolabait. Izan ere, euskal literaturako nobela beltz irakurrienetako bati buruz jardungo da, neurri batean Arretxeren ondorengo lanen aurrekaritzat har daitekeenaz. 110. Street-eko geltokia da liburu hori eta Iñaki Zabaleta haren idazlea. 1970. hamarkada amaierako New Yorken jazotako istorio bat kontatzen du nobelak. Nola irakurriko ote da gaur egun?

'Sautrela' gaur emitituko da, 15:00etatik aurrera, ETB1en.

Informazio gehiago (1)