Itxi

Estreinaldia

Ondo pasatzeko aukera, 'Atrápame si Puedes' lehiaketa berriarekin

A.E

EiTB

'Rompecabezotas' eta 'Date El Bote' saioen sortzaileen eskutik datorkigu Patxi Alonsok aurkeztuko duen lehiaketa berria. Egunero eskainiko da ETB2n, 14:00etatik aurrera.

Euskal Telebistak dibertsioari leiho bat zabalduko dio gaurtik aurrera 'Atrápame si Puedes' saioarekin. Patxi Alonsok galdera eta erantzunez jositako saio azkar eta dibertigarria aurkeztuko du egunero, 14:00etatik aurrera, ETB2n. Hostoil-Globomedia ekoiztetxeak ibilbide luzea dauka mota honetako telebista formatuetan; 'Rompecabezotas' eta 'Date El Bote' ditugu horien adibide.

Euskal Telebistak ostiralean aurkeztu zuen lehiaketa berria, Donostiako Miramongo egoitzan, saioa grabatzen den platoan. Edu Barinaga ETBko zuzendaria, Iñaki Ruiz 'Atrápame si Puedes' saioaren zuzendaria eta Patxi Alonso aurkezlea egon ziren bertan.

Lehiaketaren nondik norakoak

'Atrápame si Puedes' galde-erantzunen lehiaketa klasikoa da, eta egunero, lehiakideren batek diru kopuru handia etxera eramateko aukera izango du, bere jakintza eta joko estrategiaren arabera. Oso gertuko saioa izango da, ez da umorea faltako, eta lehiakideek zein publikoak ere oso ondo pasatuko dute.

Sei partaide euren artean lehiatuko dira astero, astelehenetik ostiralera. Bizkorrak eta lehiakorrak izan beharko dira, egunero jokoan jarriko diren 1.000 euroak irabazi nahi badituzte. Ostiraleko programan, aurreko egunetan soberan geratu den dirua pilatuko duen zakua eramateko aukera izango dute.

Asteak aurrera egin ahala, lehiakideek geroz eta hobeto elkar ezagutuko dute eta konfiantza handiagoa izango dute euren artean. Lehiakortasunak eragindako presioa areagotuz doan heinean, zakua irabazteko edozer gauza egiteko prest agertuko dira aste amaieran.

Esan bezala, 1.000 euro jarriko dira jokoan egunero, eta finaleko bost galderak akatsik gabe erantzungo dituen lehiakideak eramango du dirua etxera. Huts eginez gero, 500 euro besterik ez ditu irabaziko eta beste 500 euroak zakuan gordeko dira.

Lehiaketa erraza, azkarra eta dibertigarria izango da, edonork parte har dezakeen horietakoa. Izan ere, saioak ez ditu "jakintsu" handiak bilatzen. Erdi-mailako ezagutza duten lehiakide dibertigarriak nahi ditu, platoan une handiak eskainiko dituztenak.

Aurkezlea

Patxi Alonsok betebehar garrantzitsua izango du 'Atrápame si Puedes' saioan. Lehiakideenganako gertutasuna erakutsiko du, bakoitzak duen onena ateratzeko asmoz. Aurkezlearen zein lehiakideen bat-batekotasunak ere garrantzi handia izango du.

Alonso eskarmentu handiko profesionala da eta ibilbide luzea egin du telebista formatu ezberdinetan (lehiaketak, magazinak, kirol saioak eta realityak).

Lehen urratsak irratian eman zituen, kirol informazioari lotuta, SER katean lehenengo eta Radio Euskadiko Kirol arduradun bezala ondoren. 1996an egin zuen jauzi telebistara. Euskal Telebistan ez ezik, Estatu mailako hainbat katetan egin du lan; TVE, Telecinco, Antena3 eta LaSextan, besteak beste.

Azken urteetan, 'El Conquistador del Fin del Mundo'ren ekoizle lanetan eta reality honen debateko aurkezle gisa aritu da.

Informazio gehiago (1)