Itxi

22:15ean

ETB2k 'El Impostor' saio berria estreinatuko du gaur gauean

A.H.

EITB

Adela Ucarrek aurkeztuko duen saioan, familia batek pertsona ezezagun bat sartuko du bere etxean. Ospetsu batek familiako kide faltsua nor den jakin beharko du. Juanito Oiarzabal da lehen gonbidatua.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskal Telebistak familia osoari zuzendutako saioa estreinatuko du gaur: 'El Impostor'. Adela Ucar kazetari bilbotarrak aurkeztuko du. Aurpegi berria da ETB2n, baina Cuatro katetik dator. Arrakasta handia lortu zuen bertan '21 Días' saioarekin.

Saioaren inguruan

Atal bakoitzean, familia batek pertsona ezezagun bat sartuko du bere etxean, gonbidatu ospetsu baten aurrean familiako kide modura aurkezteko. Gonbidatua familiako kide faltsua nor den jakiten saiatu beharko da.

Astero, familiak eta gonbidatu ospetsuak 2.000 euroko saria izango dute jokoan. Atal bakoitzean, gonbidatu ospetsu batek familiako kide faltsua nor den asmatu beharko du. 12 ordu egingo ditu familiarekin, elkarbizitzan. Hauen jokabidea aztertuko du eta behar diren galderak egingo ditu. Denbora hori agortu ondoren, izen bat esan beharko du. Asmatuz gero, euroak irabaziko ditu, eta diru hori berak aukeratutako gobernuz kanpoko elkarte bati emango dio. Aldiz, kale egiten badu, familiarentzat eta familiako kide faltsuarentzat izango da saria.

Juanito Oiarzabal, lehen saioko gonbidatua

Juanito Oiarzabal izango da lehen saioko aurpegi ezaguna, eta Grande Gastaminza familiako kide faltsua zein den jakiten saiatu beharko da. Horretarako, Javier, Mari Cruz, Rosita, Jorge eta Jessyrekin 12 ordu emango ditu Juanitok, eta tarte horretan elkarrizketak egingo dizkie, datuak bilduko ditu eta familiako kideek euren artean dituzten harremanak aztertuko ditu. Lortuko al du Juanitok familiako kide faltsua nor den jakitea?

Eneko Van Horenbeke 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioa birritan irabazi duen arraunlariak, Andoni Agirregomezkorta aktoreak eta 'El Hormiguero' saioko bi inurriek, Juanek eta Damianek, ere onartu dute 'El Impostor' saioan parte hartzeko gonbita.

Nola parte hartu?

Euskal Telebista lehiaketa honetan parte hartu nahi duten familien bila dabil. Parte hartu nahi dutenek impostor@eitb.com helbidera idatzi edo 639151579 telefonora deitu dezakete, aukeraketan parte hartzeko.

Saioan parte hartu nahi duten familiek gutxienez lau kide izan behar dituzte, etxe berean bizi behar dute eta, jakina, euren etxean pertsona ezezagun bat hartu eta familiako kide berri bihurtzeko prest egon behar dute. Pertsona ezezagunak zenbait egun pasatuko ditu familiarekin elkarbizitzan, euren ohiturak, familia barruko dinamikak eta bakoitzaren lekua zein den ikasten.

Zuk eta zure familiak abentura berria bizi nahi izanez gero, hemen gaituzue zain! Gaur gauean, 22:15etik aurrera, ETB2n.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)