22:15ean
38. Euskal Herriko Dantza Txapelketa, gaur gauean, ETB1en
A.A.
EiTB
Hamar bikote lehiatuko dira aurten Segurako lehiaketa ezagunean. Imanol Artolak eta Izaro Iraetak gidatuko dute emanaldia.
Gaur arratsaldez Segurako Baratze pilotalekuan jokatuko den 38. Euskal Herriko Dantza Txapelketa eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-en gaur bertan, 22:15etik aurrera. Imanol Artolak eta Izaro Iraetak gidatuko dute emanaldia. Agustin Ezenarrok, berriz, lehiaketan parte hartuko dute hamar bikoteak elkarrizketatuko ditu.
Hamar bikotek parte hartuko dute aurten eta, ohi denez, bakoitzak fandangoa Isilkara txistulari taldearen musikarekin eta arin-arina Estanga anai-arreben trikitiki doinuaz dantzatuko du.
2014. urteari begira, erronka nagusien artean, zazpi lurraldetako dantzarien presentzia lortzea izan bada ere, Gipuzkoako bederatzi bikote eta bizkaitar bakarra lehiatuko dira: Maria Camarero eta Goretti Galarraga (Ibarra), Iker Sanz eta Lierni Kamio (Lezo-Villabona), Joritz Galarraga eta Laura Olaizola (Azpeitia), Lander Campos eta Haizea Hormaetxea (Santurtzi-Leioa), Julen Rodriguez eta Maddi Otegi (Alegi-Villabona), Mikel Subinas eta Maite Beobide (Azpeitia), Ibai Jimenez eta Iratxe Lizarburu (Zaldibia-Ibarra), Jon Ander Iriondo eta Libe Lizaso (Azpeitia), Asier Ibarguren eta Garazi Gurrutxaga (Azpeitia), eta Amets Amubieta eta Maialen Aldalur (Azpeitia).
Imanol Artolak eta Izaro Iraetak aurkeztuko dute txapelketa. Epai-mahaiaren balorazioa ere bilduko dute emanaldian eta, horrez gain, parte hartuko duten dantzari bikoteen iritzi eta inpresioak jasoko dituzte ETB1eko saiorako. Agustin Ezenarro kazetariak egingo ditu elkarrizketak. Epaimahaiak erabakia eztabaidatzen duen bitartean, halaber, Alurr dantza konpainiaren saioa izango da ikusgai.
Amaitzeko, Nestor Basterretxeari omenaldia egingo zaio. Uztailean joan zitzaigun eskultoreak harreman estua izan du hasieratik Segurako txapelketarekin, Udalaren Sari Nagusia berak eginiko eskultura izan baita. Haren familiari Alkate-Makila oparituko diote.