15:00etan
Bitoriano Gandiagaz, gaur, 'Sautrela'n
A.E.
EiTB
Hasier Larretxea elkarrizketatuko du Hasier Etxeberriak Larremotzetik narrazio liburuaren inguruan.
Bitoriano Gandiaga dugu Arantzazuko frantziskotarrek euskal literaturari eman dioten poetarik behinena. Euskal poesiako izen handienetarikoa, erreferentzia ezinbestekoa gure letretan. Haren lehen lana izan zen Elorri, 1962an argitaratutakoa eta poesiagintza oso eta heldu bat ekarri ziguna. Naturaren izpi eta printzak sentituko ditu haren poesiaren irakurleak, izadiaren osotasuna lerro xume eta finetan barnean bilduta.
Gandiagarengana lerratuko du soa, bada, aste honetako 'Sautrela' saioak. Alde batetik, iraganeko kutxatik hari eskainitako erreportajea berreskuratuko dute, Gandiagaren bizitza eta obra ezagutzeko parada ezin hobea eskaintzen diguna. Saioaren bukaera aldera, berriz, Elorriz mintzatuko da Beñat Sarasola. Zein izan zen liburu haren argitalpenaren testuingurua? Zein moldetan idatzi zuen Gandiagak? Eta, batez ere, nola irakur dezakegu liburua berrogeita hamar urteren ondoren?
Elkarrizketan ere poeta bat izango dute, Hasier Larretxea arraioztarra. Zenbait poesia liburu argitaratutakoa da Larretxea, baina oraingoan narratiba lan berezi batekin datorkigu. Larremotzetik liburuan bere bizipenetan oinarritutako testua bilbatu du: haurtzaroko oroitzapenak, gaztaroko plazer eta minak, landa ingurune tradizional baten ilunak, familiako gazi eta gozoak. Barren-barrenetik idatzitako liburua da ezbairik gabe, ezohiko ausardiaz ondutakoa. Larretxearen bizitzaz ez ezik, euskaldun izateaz eta Euskal Herriaz aski esaten digun obra da Larremotzetik.
Ohiko legez, gaur izango dugu ikusgai 'Sautrela', 15:00etatik aurrera, ETB1en.