Itxi

23:45ean

'Reconciliación' dokumentala estreinatuko da, gaur, ETB2n

A.E

EiTB

Memoriaren egunean, Juan Mari Uriarteren liburuan oinarritutako lana izango da ikusgai. Biolentziaren biktimen arteko topaketak biltzen ditu, eta gehienak guraso bat galdu duten seme-alabak dira.

'Reconciliación' dokumentala ETB2n. Argazkia: EiTB

Juan Mari Uriarte gotzain emerituaren entsegua oinarri duen Reconciliación dokumentala estreinatuko da gaur, Memoriaren Egunean, 23:45ean, ETB2n. ETAk, GALek eta poliziaren gehiegikerien ondorioz hildako dozena bat pertsonaren lekukoak bildu ditu erreportajeak. Historia pertsonal hauen guztien ardatza Juan Mari Uriarterekin izandako elkarrizketak dira. Uriartek Fruiz bere herrian egiten duen ibilbidea jasotzen dute kamerek, eta paseo horretan adiskidetzearen aurrean duen ikuspegia azaltzen du, dokumentalaren inspirazio iturri den ikuspegia, alegia.

Dokumentalak indarkeria modu ezberdinean jasan duten pertsona batzuen arteko topaketak bildu ditu. Hainbat gai dituzte hizpide: maite dituzten pertsonen falta, ulermenik eza, bakardadea, hutsunea... Baina, batez ere, gai bat nagusitzen da: elkarbizitza baketsua etorkizunean. Dokumentalaren protagonista diren seme eta alaba hauek indarkeriaren seme eta alabak bilakatu zituzten, baina euren bizitzak berreraikitzeko ahalegina egin dute, eta, gaur egun, gurasoak dira. Horien istorioak etorkizunaz hitz egiten du, horien seme-alaben etorkizunaz, gizarte osoaren etorkizunaz.

Ordubeteko dokumental honetan, Edurne Brouardek, GALek hil zuen Santi Brouard HBko buruzagiaren alabak, Fernando Garridorekin, Daniela emaztearekin eta Daniel semearekin batera hil zuten Gipuzkoako gobernadore militarraren semearekin, hitz egingo du. Edurnek eta Fernandok Irlandako Gleencreko topaketetan ezagutu zuten elkar, eta adiskide egin ziren.

Andoitz Kortak, ETAk hildako Adegiko presidentearen semeak, Pili Zabalarekin, 1983an GALek bahitu, torturatu eta hil zuen Joxi Zabalaren arrebarekin, hitz egingo du. Dokumentalean, Iñaki Garcia Arrizabalaga, Komando Autonomo Antikapitalistek hil zuten Juan Manuel Garciaren semea, Ines Nuñezekin bilduko da lehen aldiz. Nuñezen aita, Francisco Javier Nuñez, polizia-gehiegikerien ondorioz hil zen 1977an. Halaber, estreinakoz, Leire Goikoetxea eta Jon Doral gazteek ikus-entzunezko proiektu batean hartuko dute parte. Joseba Goikoetxearen eta Montxo Doralen alaba eta semea dira, hurrenez hurren. Beste bi gazte, Sara Buesa eta Josu Elespe, ETAk hil zituen politikari sozialisten alaba eta semea, ere Reconciliación dokumentalean ikusiko ditugu.

Hiru 'zubigile'ren lekukotza ere bildu du saioak. Ertz ezberdinetakoak adiskidetzearen alde lan egin duten lagunen lekukotzak dira. Sabino Ormazabal ekologista eta antimilitarista, Joxemi Zumalabe fundazioaren aurkako operazioan atxilotu zuten 18/98 makrosumarioan. Josu Zabaleta klaretar abertzaleak ETAko zenbait presori lagundu die kartzelaz kartzela egin duten ibilbidean eta euren bilakaera pertsonala jarraituz. Horietako askok, gaur egun, Nanclares bidea deritzon bergizarteratze proiektuan hartzen dute parte. Maixabel Lasak hamarkada luzez Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bulegoaren zuzendariarekin egin du lan, eta ardura horretan indarkeria ezberdinek eragindako gatazka eta arazoak oso ondo ezagutzen ditu.

Reconciliación dokumentala ia urtebetez landu dute Filmak TV eta Newmedia Euskadi ekoiztetxeek, eta Fermin Ayo egilearekin batera, besteak beste, Maite Ibañez eta Begoña Atin gidoigileek eta Iñigo Camino jatorrizko ideia izan zuenak egin dute lan proiektu honetan.