EiTBko albistegietan
Katalunian galdeketari jarraipena, EiTBn
A.E.
EiTB
Datozen egunetan, Euskal Telebistak, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta eitb.eus-en A9ko galdeketaren inguruan berri emango dute.
EiTBko albistegiek jarraipen berezia egingo diote azaroak 9ko Kataluniako galdeketaren inguruan jazotzen den guztiari, datozen egunetan.
Hortaz, gaur eta datorren astelehenean, ETB1eko 'Azpimarra' saioaren tarte bat Bartzelonatik egingo da. Maddalen Iriarte saioaren aurkezle eta zuzendariak bertatik emango du berri.
Era berean, albistegietan tarte handia eskainiko diote gaiari. Bihartik astelehenera arte, biak barne, Maddalen Iriartek egingo ditu 'Gaur Egun'eko zuzenekoak eta Juan Carlos Etxeberriak 'Teleberri'koak.
Igandean bertan, albistegi berezia izango da gauerdian ETB2n. Juan Carlos Etxeberria Bartzelonatik arituko da eta Estibaliz Ruiz de Azua Bilbon izango da saio berezia aurkezten.
Juan Carlos Etxeberriak hainbat gonbidatu izango ditu Bartzelonan egunak eman duena eztabaidatzeko: Juan Tapia La Vanguardia-ko zuzendari ohia, Vicente Partal Villawebeko zuzendaria eta Argelia Queralt Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea egongo dira berarekin. Alderdien egoerari buruzko hausnarketa egingo du Astrid Barrio Zientzia Politikoan doktoreak eta Eli Zuzunegi EiTBren Kataluniako korrespontsalak ere hartuko du parte. Azkenik, gizarte zibilaren garrantziaz hitz egiteko Assemblea Nacional Catalanako ordezkariarekin mintzatuko dira Bartzelonatik.
Bilbon, berriz, hausnarketa egiteko, Estibaliz Ruiz de Azuak Ana Garbati eta Iñaki Iriondo kazetariak eta Igor Ahedo Zientzia Politikoetan doktorea hartuko ditu.
A9a Euskadi Irratia eta Radio Euskadin
Maite Artolak, Dani Alvarezek, Mari Jose Uriak eta Oihane Perezek osatuko dute berriemaile berezi taldea Euskadi Irratian eta Radio Euskadin, Bartzelonatik, A9aren berri emateko, eta jakina, Eli Zunzunegi eta Myriam Llona EiTBren Kataluniako korrespontsalek ere jazotzen den guztia kontatuko dute bertatik bertara.
Ostiral honetan, Joana Ortega Generalitateko presidente ordea eta Josep Maria Reniu Trantsizio Nazionalerako Aholkulari batzordeko kidea elkarrizketatuko ditu Dani Alvarezek Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan.
Asteburuko albistegietan gertutik jarraituko dituzte bi irratiek galdeketaren ingurukoak eta igandean, Radio Euskadiko eta Euskadi Irratiko albistegien atal nagusiak Katataluniatik gidatuko dira, eta boto lekuetan izango dira irratiko kazetariak.
Astelehen goizean, 'Boulevard' eta 'Faktoria' saio bereziak egingo dira Catalunya Radiotik. Dani Alvarezek Jauma Lopez Pompeu Fabra Unibertsitateko zientzia politikoetako irakaslea, Generalitateko Iritzi Ikerketa Zentroko bozeramailea eta hainbat kataluniar kazetari izango ditu solaskide' Boulevard 'saioan.
Maite Artolak, Martin Aranburu CATDEM fundazioko ikerketa arduraduna, Javier Diaz Noci Pompeu Fadra unibertsitateko irakaslea eta Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendaria izango ditu solaskide.
Jarraipen hurbila eta etengabea, igandean, eitb.eus-en
eitb.eus-en igandean hurbiletik eta etenik gabe jarraituko dute Bartzelonan berri den guztiari, zuzeneko kontakizunaren bidez. Bertan jarraituko dituzte galdeketaren inguruko guztiak, eta EiTBk bertan duen kazetari taldearen informazioak jasoko dituzte.