Itxi

15:00etan

Itxaro Borda idazlearekin elkarrizketa, gaur, 'Sautrela'n

A.H.

EITB

Horrez gain, euskara batua eta herri hizkeren arteko eztabaidari buruzko erreportajea eskainiko dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Itxaro Borda, gure artean idazle oparoenetakoa, gaurko 'Sautrela' saioan izango da gonbidatu eta bere azkeneko poesia lana aurkeztuko du Zure hatzaren ez galtzeko. Hain berea duen idazkera eta poetika darabil Bordak: espazio zehatzen presentzia handia, ni indartsu baten gazi-gozoak, adiskideei egindako omenaldiak, gai sozialak... Liburuaz arituko da, baina beste hainbat gai ere jorratuko ditu Hasier Etxeberriarekin, besteak beste, feminismoa eta femenitatearen lekua literaturan, edo Arestiren poetika — oso presente liburuan —.

Erreportaje berreskuratuen atalean, gaurkotasun handiko bat eskainiko du 'Sautrela'k aste honetan. Izan ere, azken boladan, euskara batua eta herri hizkeren arteko eztabaidak presentzia nabarmena hartu du euskal kulturaren baitako eztabaidetan. Euskara batuaren bizitasun faltaz mintzatu dira zenbait, herri hizkeren mugez beste zenbait. Hala ere, zelako eragina dute auzi horiek guztiek euskal literaturan? Ze eredu da baliagarri literatura egiteko, baldin eta eredu bakarra baldin bada erabilgarri? Nola uztartzen dira euskal literaturan batua eta euskalkiak? Horretaz guztiaz ariko dira Iñigo Aranbarri, Andolin Eguskitza zena eta Itxaro Borda bera.

Azkenik, Beñat Sarasolak euskal literaturak eman duen obrarik muturrenetako bat berreskuratuko du: Patri Urkizuren Sekulorum sekulotan. 1975ean argitaratu zen artefaktu literario hori, nobela bat —antza—, baina ohiko nobeletatik aski urrun dagoena. Puntu eta komarik gabeko testua da, bakarrizketa luze hordigarria.

'Sautrela' gaur izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, ETB1en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)