Gaur
Saskibaloia eta Eskoriatzako pilota jaialdia, ETB1en eta eitb.eus-en
A.A.
EiTB
La Bruixa D'Or-Bilbao Basket, 12etan, eta Irujo-Cecilio / Altuna III-Barriola partida, 17:00etan.
Zuzeneko bi kirol emanaldi izango dira gaur ETB1en eta eitb.eus-en. Eguerdiko 12:00etan, ohi denez, Endesa Ligari egingo diote tartea, La Bruixa D'Or-Bilbao Basket partida eskaintzeko. Eta arratsaldeko bostetan hasiko den pilota emankizunean, Irujo-Cecilio eta Altuna III-Barriola bikoteak izango dira aurrez aurre.
Eskoriatzako pilotalekutik egingo den pilota emankizuna, Jaunarena-Rezusta / Altuna III-Merino II neurketarekin osatuko da. Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Elena Azpeitiak egingo dute kontakizuna. Saskibaloi partidaren berri emateaz Xabier de la Fuente eta Josean Aldalur arduratuko dira.
16:00etan, aizkolarien Txapeldunen Ligaren barruan, goizean, Leitzan, Rekondok eta Erasunek jokatuko duten demaren ingurukoak ekarriko dizkigute Ibon Gaztañazpik eta Jose Etxebestek.
Futbol jardunaldiaren errepasoak osatuko du ETB1eko kirol eskaintza. Mikel Olazabalek izango du ardura 19:30etik aurrera ikusgai izango den 'Gol Festa' saioan. Halaber, gaueko bederatzietan Realak At. Madrilen aurka jokatuko duen partidaren laburpena egingo du Iñaki Mikeok 23:05ean.
Erremontea eta zesta punta, ETB4n
Erremonteko binakako txapelketako Ezkurra-Ion / Ezkurra II-San Miguel eta Uterga-Endika / Zeberio II-Barrenetxea IV partidak, eta zesta puntako Gasteizko Sariko 3. eta 4. posturako partida, Lesbats-Suso / Ithurria-Del Rio eskainiko dira ETB4 katean 19:30ean hasita.