Itxi

Gaur, 22:15ean

25 haur lehendakariari galdezka 'Haurren Ahotsa' saio berezian, ETB1en

UNICEFek eta EiTBk elkarrekin ekoitzitako saio berezian, haurren eskubideak izango dituzte mintzagai, eta gaur, 22:15ean hasita, eskainiko dute ETB1en eta eitb.eus-en.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena sinatu zenetik 25 urte beteko dira bihar, azaroak 20. Hori ospatzeko, UNICEFek eta EiTBk saio berezi bat egin dute, umeen eskubideak hizpide dituztela.

Larunbatean, azaroaren 15ean, EiTBren Donostiako produkzio zentroan (Miramonen) grabatu da 'Haurren Ahotsa' saio berezia. Bertan, 8 eta 15 urte bitarteko 25 gaztetxok Iñigo Urkullu lehendakariari galderak egin dizkiote, haurren eskubideak hizpide.

Saio berezi hau Xabier Usabiagak eta Lierni Agirrezabalak aurkeztuko dute, eta gaur gauean izango da ikusgai, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

Ba al dakigu umeen eskubideak zeintzuk diren? Eta munduko toki guztietan errespetatzen al dira? Besteak beste, horiek izango dira lehendakariari galdetuko dizkiotenak. Urkulluk 90 segundo izango ditu galdera bakoitzari erantzuteko.

16 eta 18 urte arteko nerabeek sarean egin dizkiote galderak, eta horietako batzuk aukeratu dituzte lehendakariari egiteko. Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean biltzen diren eskubideen inguruan galdetuko diote haurrek lehendakariari, eta alor horretan emandako aurrerapausoez hausnarketa egingo du Urkulluk.

Saioan parte hartu duten neska-mutikoak casting bidez aukeratu zituzten, eta Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian egin zen aukeraketa.

25 urte, 25 ume eta 25 galdera, 'Haurren Ahotsa' saioan, gaur, 22:15ean, ETB1en.

Bideoak (2)

Galeriak (1)