Itxi

22:30ean

Donostia, Mikel Erentxunekin, gaurko 'No es País para Sosos' saioan

A.H.

EITB

Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariak hirian barrena murgilduko dira bertako gastronomia gertutik ezagutzeko.

Ander Gonzalez, Mikel Erentxun eta Ramon Roteta. Argazkia: EiTB

Euskal Herriko hainbat parajetan barrena ibili ostean, euskal hiriburuetara hurbilduko dira Ramon Roteta eta Ander Gonzalez 'No es País para Sosos' saioko sukaldariak. Donostian izango dute lehen hitzordua, eta Mikel Erentxun abeslari eta musikagileak egingo dizkie gidari lanak.

Donostian barrena

Kursaal Jauregian ekingo diote bidaia gastronomikoari, Pedro Subijana hiru Michelin izar dituen Akelarre jatetxeko burua lagun dutela.

Ondoren, euren bakarkako abenturak hasiko dira. Ramon Ulia mendira igoko da Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariarekin. Bertan, masail-capelletiak dastatuko dituzte Ruben Trincado Michelin izar bat duen Mirador de Ulia jatetxeko sukaldariaren eskutik.

Bien bitartean, Anderrek Anoeta estadioa bisitatuko du Realeko bi jokalari ohirekin batera: Javi de Pedro eta Aitor Lopez Rekarte. Sukaldean oso trebeak direla erakutsiko diote Anderri.

Ramon eta Ander Bodeguilla Donostiarra tabernan elkartuko dira berriz ere. Pintxo-jana egingo dute Andoni Luiz Aduriz, bi Michelin izar dituen Mugaritz jatetxeko burua, lagun dutela.

Michelin izarren bideari jarraituz, guztira zazpi dituen Martin Berasateguirengana joko du Anderrek. Ramon, bere aldetik, Javier Merino aktorearekin batera, Aquariumera joango da. Bertan, Ganbara jatetxeko Amaia Ortuzar sukaldariak oso plater berezia prestatuko die.

Ohi denez, bi sukaldarien arteko lehiarekin amaituko da saioa. Mikel Erentxun abeslariaren begiradapean, Victoria Eugenia Antzokiaren agertokian prestatuko dituzte euren jakiak.

'No es País para Sosos' gaur gauean izango da ikusgai, 22:30etik aurrera ETB2n.

Informazio gehiago (1)