Emakumeen kontrako indarkeria
Emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko 'Martxan' erreportajea, ETBn
A.H.
EITB
Gaur, EiTB taldeak gertutik jarraituko ditu emakumeen kontrako indakeriaren aurkako eguneko ekitaldiak, eta eduki bereziak eskainiko ditu telebistan, irratian eta interneten.
Gaur, azaroak 25, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna da. Hori dela eta, EiTB taldeak indarkeriaren kontrako aldarrikapen honekin bat egingo du, eta lau telebista kateek "puntu lila" azalduko dute egun osoan zehar pantailaren alde batean. Horrez gain, zenbait eduki berezi emango dira telebistan, irratian eta interneten.
ETB1 eta ETB2 kateek 'Martxan' dokumentala eskainiko dute gaur goizean. Mundu osoko emakumeek jasaten duten indarkeria matxistaren inguruko saioa izango da. El Salvador, Guatemala eta Euskal Herriko zortzi emakume feministen testigantza jasoko du. Protagonista bakoitzak indarkeria mota hau aztertu, salatu eta borrokatzeko modu ezberdinak azalduko ditu. ETB1ek 12:45ean eskainiko du erreportajea, eta ETB2k, 10:40an.
Bestalde, 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek egunean zehar antolatu diren hainbat ekitaldiren berri eman eta gaiaren inguruko erreportaje bereziak eskainiko dituzte.
EiTBko irratietako albistegiek eta saioek ere jarraipen berezia egingo diote gaiari. Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria elkarrizketatuko dute. Radio Euskadin, Norma Vazquez psikologo eta indarkeria matxistaren alorreko ikerlaria elkarrizketatuko dute 'Boulevard' magazinean. Radio Vitoriako 'El Mirador' saioan, berriz, gaiari buruzko mahai inguru berezia egingo dute Norma Vazquez berarekin, Maite Iztueta Hiriska emakume elkarteko presidentearekin eta Marian Garcia Cuesta AIZAN elkarteko zuzendariarekin.
Bestalde, eitb.eus webgunean emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egun honek leku berezia izango du. Albisteak atalean, bost erreportaje berezi eskainiko dira, eta bakoitzak indarkeria mota honen ikuspuntu bat emango du: ikuspuntu judiziala, ikuspuntu psikologikoa, gizonen ikuspuntua, hedabideen ikuspuntua eta, azkenik, erasotzaileen ikuspegia.