Itxi

Aurkezpena

'El Gobierno Vasco en el exilio' dokumentala aurkeztu dute Bilbon

A.H.

EITB

Goizeko prentsaurrekoaren ostean, arratsaldean estreinaldia izan da. Bertan, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektorea izan dira.

Dokumentalaren aurkezpena

El Gobierno Vasco en el exilio – Crónica de una esperanza dokumentala aurkeztu dute astearte honetan Bilbon. Prentsaurrekoan, Antonio Cristobal dokumentalaren zuzendariak, Jose Luis de la Granja UPV/EHUko Gaur Egungo Historiaren katedradunak, Ander Landaburu kazetariak eta Edu Barinaga ETBko zuzendariak parte hartu dute.

Triano Mediak ekoiztutako 80 minutuko pelikula honek, lau hamarkadetan zehar, euren idealekiko leialak izan eta 1936ko erakunde errepublikarrek ezarritako zilegitasuna ordezkatzen jakin zuten gizonen historia luze eta lazgarria kontatzen du. Antonio Cristobalek zuzendu du, eta gidoia, berriz, Jose Luis de la Granja, Ludger Mees eta Santiago de Pablo UPV/EHUko historiagileek idatzi dute. Berrogeita hamar lagunetik gora elkarrizketatu dituzte, tartean, gerraren lekukoak, haien ondorengoak, politikariak eta idazleak.

Arratsaldean, berriz, Euskal Herriko Unibertsitatearen Bizkaia Aretoan estreinatu da dokumentala. Ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakaria, Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektorea, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusia egon dira, besteak beste, baita Antonio Cristobal dokumentalaren zuzendaria eta Jose Luis de la Granja historiagilea ere.