22:15ean
Euskararen presentzia justizian, gaur, 'Tribuaren Berbak' saioan
A.H.
EITB
Nahiz eta justizia administrazioan euskaraz aritzeko eskubidea egon, egunerokoan gaztelania nagusitzen da aretoetan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskarak justizia munduan duen presentziaz arituko da gaur 'Tribuaren Berbak' saioa. Izan ere, EAEko justizia administrazioan euskaraz aritzeko eskubidea du herritarrak, baina, legeak hala badio ere, egunerokoan gauzak arras ezberdinak dira, eta gaztelania nagusitzen da aretoetan.
Juana Goizueta EHUko Zuzenbide Fakultateko dekanoak euskarak Zuzenbide ikasketetan duen lekuaren berri emango du. Horrez gain, epaiketa batean parte hartzen duten pertsonaia guztien lana zein den azalduko dute epaile, abokatu, fiskal, idazkari judizial eta prokuradore banak.
Auzia euskaraz proiektuko kide den Xabier Balerdik egitasmo horren berri emango du, eta epaitegietan euskara gehiago entzuteko jorratzen dituzten bideak azalduko ditu. Jaime Tapia epaileak epaile euskaldunen berri emango du, eta auziak epaile euskaldun batek zuzentzeak duen garrantzia aipatuko du.
Jon Goikoetxea itzultzaileak, berriz, bere jardunaren berri emango du. Epaiketan alderen batek euskara jakin ez eta epaiketa euskaraz egiten denean zer gertatzen den azalduko du. Igor Ispizua notarioak etxe eskriturak, testamentuak eta gainerako dokumentuak euskaraz egin daitezkeela azalduko du, baina gutxi direla aukera horri heltzen diotenak. Jaime Elias Bizkaiko Abokatuen Elkargoko abokatu euskaldunen ordezkaria, berriz, justizia euskalduntzeko erronkaz eta bere esperientziaz arituko da.
'Tribuaren Berbak' gaur izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB1en.
>en.