Itxi

16:15ean

'Lo que el viento se llevó' klasikoa, gaur, ETB2n

EiTB

Scarlett O'Hararen mitoa sortu zuen filmaren 75. urteurrena bete da abenduaren 15ean.

Filmaren 75. urteurrenarekin batera, ETB2k Lo que el viento se llevó emango du gaur, 16:15etik aurrera.

1939ko abenduaren 15ean, Atlantako Antzoki Nagusian estreinatu zen Lo que el viento se llevó. Filmaren estreinaldia, telebistaz eskaini zen lehen premiere arrakastatsua izan zen. Ekoizleek Georgiako antzoki hura aukeratu zuten, filmaren oinarrian zegoen eleberriko istorioa bertan gertatu zelako.

Filmaren estreinaldi arrakastatsuak Georgiako kaleak banderaz eta kartelez bete zituen. Georgiako Gobernadoreak jaiegun izendatu zuen estreinaldiaren eguna, eta festa eta ospakizunek ia 3 egun iraun zuten.

1939ko abenduaren 15etik 75 urte igaro diren honetan, gizartearen zati handi baten erretinetan geratu dira filmaren sekuentziak. Lan honek kontatzen duen istorioaren edertasunaz eta dramatismoaz gain, pelikulak berrikuntza zinematografiko formal ugari ekarri zituen. Kritikari askoren ustez, ordura arte egindakoekin alderatuta, film honek duen kolorearen tratamendua oso berezia da.

Lo que el viento se llevó filmak izan zuen arrakasta izugarria izan zen arren, filmatzea infernu bihurtu zen bertan lanean aritu ziren langileentzat. Askok geroago adierazi duten moduan, ohikoa zen ia egunero aktore, zuzendari eta langileen arteko liskarrak ikustea. Arazo sorta honek zuzendariaren lana hiru pertsonak bete behar izatea ekarri zuen.

Pelikula honek 13 izendapen jaso zituen Oscar sari ospetsuetan, eta baita horietako 8 irabazi ere. Bestetik, 1938ra arte egin zen produkzio garestiena izan zen, 4,25 milioi dolarreko aurrekontua izan baitzuen.

Filmaren argumentua

XIX. mendearen erdialdean, Scarlett O´Hara (Vivien Leigh), emakume sutsu eta apetatsua, Estatu Batuetako hegoaldean kokatutako jauregi batean bizi da, esklabu beltzez inguraturik. Fitzgerald O´Hara kotoi saltzaile aberatsaren alaba da.

Ederra eta kementsua izan arren, Scarlettek ez du Ashley Wilkes auzokidearekin ezkontzea lortuko. Izan ere, Wilkes (Leslie Howard) Melanie Hamilton (Olivia de Havilland) lehengusinarekin maitemindu eta ezkonduko da.

Sezesio gerra hastear eta inguruko gazteak gudara joateko irrikan dauden bitartean, Rhett Butlerrek (Clark Gable) Scarlett ezagutuko du eta harreman berezia sortuko da bien artean. Gizon honen helburua aberastea den heinean, aukera paregabea irudituko zaio Scarlettekin ezkontzea.

Butler Scarlettekin ezkontzen saiatuko da, baina ez du lortuko, Scarlettek Ashley Wilkes maite duelako. Denborak aurrera egingo du, protagonistak hainbat gizon ezagutu eta, interesak bideratuta, batekin baino gehiagorekin ezkonduko da. Hala ere, Scarlettek ezingo du Ashleyrengatik sentitzen duena ahaztu, eta obsesioa bilakatuko da berarentzat.

Lo que el viento se llevó, gaur, 16:15ean, ETB2n.

Audioak (1)

Informazio gehiago (1)