Gaur
'Contigo Pan y Cebolla' saio berria Ramon Rotetarekin, ETB2n
Saioa larunbatetan eta igandeetan izango da ikusgai, eguerdiko 'Teleberri' albistegiaren aurretik.
ETBko bigarren kateak, Eroskirekin lankidetzan, 'Contigo Pan y Cebolla' saioa estreinatu du, Ramon Rotetaren eskutik. Asteburuero, 14:30ean, 'Teleberri' albistegiaren aurretik, errezeta erraz eta erakargarriak prestatuko ditu Rotetak.
Egiteko errazak diren platerak prestatuko dituzte 'Contigo Pan y Cebolla' saioan. Garaian garaiko lehengaiak erabiliko dituzte, osasungarriak izatea ere kontuan izanda. Halaber, aurkezpen erakargarri eta diferentea izango dute prestatutako jakiek.
Sukaldean eta dendan nagusiki
Sukaldea izango da saioaren gune nagusia, baina despentsari ere garrantzia emango diote. Hortaz, produktuak kontu eta arreta handiz aukeratzen ikusiko dugu Hondarribiko sukaldaria. Hartara, supermerkatua bera ere saioaren beste gune nagusienetako bat izango da. Rotetak atal eta denda ezberdinetara egingo du bisita (harategira, arrandegira…), saltzaileekin hitz egin eta euren aholkuak jasotzeko asmoz. Halaber, saltokietako bezeroekin ere mintzatuko da, erosketak egiterakoan dituzten ohiturei buruz batik bat. Azkenik, hornitzaileen egoitzetara ere joango da noizean behin, produktuen jatorriari buruz informazioa jasotzera.
Ramon Roteta euskal sukaldari ezaguna da, esperientzia handikoa. Duela 40 urte inguru hasi zituen sukalde ikasketak Euromar Ostalaritza Eskolan, eta han, besteak beste, Karlos Arguiñano, Pedro Subijana eta Ramon Elizondo izan zituen ikaskide.
Bestalde, Roteta astelehenero ikusten dugu Ander Gonzalez sukaldariarekin 'No es País para Sosos' saioan, Euskal Herrian barrena egin ohi duten bidaia gastronomikoan. Ilusio handiz eutsi dio erronka berriari Rotetak, bere jakintza eta sukaldean duen trebezia ikus-entzuleei erakusteko prest.
Saioa Filmak Media S.L. eta Einarte S.L. etxeek ekoitziko dute, eta larunbatero eta igandero izango da ikusgai, 14:30ean, ETB2n.