Itxi

22:30ean

'No Es País Para Sosos' Gabonetako saio berezia, gaur, ETB2n

Ramon Rotetak eta Ander Gonzalezek gabon giroa bilatuko dute Euskal Herriko hainbat tokitan. Juan Mari Arzaken etxean ekingo diote bidaiari.

Ander Gonzalez eta Ramon Roteta. Argazkia: EiTB

ETB2k 'No Es País Para Sosos' Gabonetako saio berezia eskainiko du gaur, 22:30ean. Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariek Euskal Herriko hainbat toki bisitatuko dituzte gure herrietako Gabonetako ohiko jakiak eta gastronomia ezagutzera emateko.

Juan Mari Arzaken etxean

Juan Mari Arzaken etxean ekingo diote bidaiari Ramonek eta Anderrek. Haren aholkuak jasoko dituzte, eta handik Euskal Herriko hainbat tokitara joango dira, lekuan lekuko gabon giroa eta jakiak ezagutzeko.

Gabon zoragarriak

Ander Nafarroan ibiliko da, Beran, eta herri horretako umeekin, 'Glin Glan' izeneko tradizioa ezagutuko du. Zalain jatetxeko sukaldari nagusiak eta Berako bizilagun batek, Paulak, bakailaoa ajoarriero eran eta intxaur-saltsa prestatuko dituzte, era tradizionalean.

Jarraian, Gipuzkoako kostaldera egingo du salto Anderrek, eta Deban, angulak harrapatu beharko ditu.

Bestalde, Ramonek Sodupen ekingo dio bere bidaiari, eta bertako Gabonetako ohiturak ezagutuko ditu. Kapoiak dituen baserri batera joango da, eta kapoia izango da protagonista Gueñesko Erreka jatetxean prestatuko duten platerean.

Bizkaitik Arabara joango da Ramon. Bastidan ardo upategi bat bisitatuko du, eta herriko plazan, Artzainen Dantza ikusiko du. Gero, ohitura denez, Jesus umeari eskainitako berakatz-zopa egiten da.

Bukatzeko, gure sukaldariek Olentzerorentzat afari berezi bat prestatuko dute.

'No Es País Para Sosos', gaur emitituko da, 22:30ean, ETB2n.

Informazio gehiago (1)