Itxi

Gabon Gaua ETB1en

'Euskal Kantuen Gaua' saioak urteko protagonistak kantuan jarriko ditu

EITB

Hogei bat musika saio eskainiko dituzte, aurkezle, artista, kirolari eta aurten notizia izan diren lagunen eskutik. Aurretik, 'Gabon Kantak' eta 'Iruñea Kantuan' kontzertuak eskainiko ditu ETB1ek.

Julen Telleria eta Itziar Atienza izango dira saioaren aurkezleak

Beste behin, urteko protagonistak 'Euskal Kantuen Gaueko' protagonista izango ditugu Euskal Telebistan. Oraingo honetan, Julen Telleria eta Itziar Atienza izango dira saioaren aurkezleak, 23:15ean hasita. Hogei bat musika saio bilduko dituzte, aurkezle, artista, kirolari eta aurten notizia izan diren beste zenbait lagunen eskutik. 'Euskal Kantuen Gaua' saioaren aurretik, 'Gabon Kantak' Hendaian grabatutako emanaldi berezia, eta 'Iruñea Kantuan', Iruñeako Baluartean grabatutako kontzertua eskainiko ditu ETB1ek.

'Euskal Kantuen Gaua'

Futboleko lehen mailako hiru euskal  taldeetako jokalariak ariko dira kantari aurtengo saioan. Athleticeko jokalariek Kepa Junkerarekin abesti bat kantatuko dute, 'Sorginak infernuko hauspotik irteten'. Abestia trikitilari bizkaitarraren Trikitixaren historia txiki bat azken diskoan dago, eta jokalariekin batera, Kepa Junkera bera eta Sorginak taldea arituko dira. Eibar futbol taldeko jokalariek Itoiz taldearen 'Lau Teilatu' abesti ezaguna kantatuko dute, 2.B Mailatik alboan izan dituzten hainbat jarraitzaileekin batera. Realeko jokalariek, mutilek eta neskek, Gozategi Anaiekin batera, 'Olentzero' abestuko dute Poliklinika Gipuzkoan. Horrez gain, beste jokalari batzuek ere parte hartuko dute programan: besteak beste, Fernando Llorente, Javi Martinez eta Pablo Zabaletak.

Kirol munduko ordezkaritza osatzeko, Oinatz Bengoetxea, Pablo Berasaluze, Andoni Aretxabaleta eta Iñaki Artola pilotariak ere ikusiko ditugu kantuan.

Musikaren alorrean, El Consorcio taldeak Bilboko Gran Vian kantatuko du; Baigorri Bankako Menditarrak 'Xalbadorren heriotzean' eskainiko du eta Alaia Martin, Jone Uria, Miren Amuriza eta Maialen Arzallus bertsolariek, 'Gaueko Izar' abestia oinarri hartuta, Olentzerori gutuna sortuko dute bat batean.

Horrez gain, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Pantxoa eta Peio bikotearekin eta Ziburuko Kaskarotenea ikastolako ikasleekin batera eskainiko dute saioa. Sheila Valdes 2014ko Euskadiko Miss Ijitoaren parte hartzea ere izango dugu

Bestalde, Ander Gonzalez eta Ramon Roteta sukaldari eta aurkezleak, beste sukaldari batzuekin ikusiko ditugu kantuan: Juan Mari eta Elena Arzak, Fernando Canales eta Martin Berasateguirekin.

Aurtengo saioan, hainbat urtemuga bereziri ere erreparatu diete. 'Goenkale'ko egungo aktoreak lehen denboraldikoekin kantatuko dute, telesailaren 20. urtemugan; Julian Iantzik eta 'El Conquistador del Fin del Mundo'ko kapitainek saioaren 10 urteak oroituko dituzte. Horrez gain, euskal kulturan esanguratsu diren beste data batzuk ere izango dituzten kontutan. Mikel Laboaren 'Txoria txori'ren 40. urtemuga eta Montxo Armendarizen Tasio filmaren 30 urteak. Zuriñe Hidalgo (Hesianeko abeslaria), Maria Amolategi (Suganeko abeslaria) eta Xabier Euzkitze aurkezleek egingo diote omenaldia Laboari. Patxi Bisquert, Paco Sagarzazu eta Garikoitz Mendigutxia aktoreek Armendarizen filmean parte hartu zuten eta hirurak bildu dituzte musika saiorako.

'Iruñea Kantuan' eta 'Gabon Kantak'

Aurretik, 'Gabon Kantak' kontzertua izango da ikusgai, 20:45ean. Hendaian grabatutako kontzertuan Hendaiako Gaztelu Zahar eta Urruñako Tximi-Txama abesbatzak eta Demode Quartet taldeak hartuko dute parte.

Ondoren, 'Iruñea Kantuan' Iruñeko Baluarten grabatutako kontzertua eskainiko da, 21:45etik aurrera. Xabier Euzkitzek eta Maria Amolategik aurkeztuko dute, eta bertan, zenbait euskal kantarik abesti ezagunak eskainiko dituzte.

Bideoak (4)

Galeriak (5)