22:30ean
Gabon Zaharren inguruko saio berezia, gaurko 'No es País para Sosos'en
A.H.
EiTB
Ander Gonzalezek eta Ramon Rotetak Euskal Herriko herri desberdinetan egun hau nola ospatzen duten kontatuko digute.
'No es País para Sosos'ek Gabon Zahar egunaren inguruko saio berezia eskainiko digu gaur gauean, ETB2n, 22:30ean hasita. Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariek, Euskal Herriko herri desberdinetan egun hau nola ospatzen duten azalduko digute.
Anderren bidaia
Arratiako bailaran Gabon Zahar eguna nola ospatzen den kontatuko digu Ander Gonzalezek. Artea herrian egongo da, eta bertan Gorbeia mendira igotzeko duten tradizioaren berri emango diote. Bizkaiko mendi altuenerako bidean, bisigua labean prestatuko dute, baina ez dakigu Anderrek sukaldatuko duen ala ez.
Ondoren, Salinillas de Buradonera joango da Ander. Arabako herri honetan Gabonetako apaingarriekin politen dagoen etxea saritzen dute. Herriko plazan, ardo beroa probatuko du, eta aza eta karolak dituen platera jango du.
Ramonen bidaia
Ramonek, aldiz, Igeldon ekingo dio bere bidaiari eta Joxe Mari Olasagasti aizkolariarekin bilduko da. Olasagasti sagardotegian, txuleta eta bakailo tortilarekin osatutako menua jango dute. Geroago, Gipuzkoatik Lapurdiraino egingo du salto Ramonek. Konkretuki, Azkainera joango da, eta Pampi Laduchekin egongo da. Pampik Achafla Baita jatetxera eramango du Ramon. Bertan, indioilar egosia eta foie beroa dastatuko dute.
Festaren amaiera
Bukatzeko, Ramon eta Ander Bilboko kaletatik joango dira 2014. urtea agurtu eta 2015.ari ongi etorria emateko.
'No es País para Sosos' gaur gauean emitituko da, 22:30ean, ETB2n.