Itxi

'El Conquis' 1. atala

Emakumeak gizonezkoen aurka, eta kapitain bikote bi

Enekok helikopteroaren duelua irabazi zuen, eta David yumarraren proban gailendu zen. Eneko eta Laiseka mutilen kapitainak izango dira, eta David eta Manu nesken taldekoak.

Piedra Paradara iritsitakoan hainbat ezustekorekin egin genuen topo. Hasteko, sexu-gerra izango genuela jakin genuen: emakumeek festa bat izango balitz hartu zuten berria; gizonak, aldiz, hotz gelditu ziren. Badirudi hainbat urtetan gizonezkoek nagusitasuna izan ostean neskek mendekua hartzeko asmoa dutela: hasi aurretik, gudarako prest zeuden.

Kapitainak ere gogotsu hasi ziren. David Seco eta Eneko Van Horenbeke elkarren beldur dira, baina irabazteko grina handia dute, eta hasieratik ika-mikan aritu ziren. Ez ziren helikopteroan makurtu, eta urak ere ez zien beldurrik eman: buruari buelta askorik eman gabe denari emanda ibili ziren helikopteroaren dueluan. Bien arteko lehen buruz burukoan Enekok lortu zuen garaipena, eta horri esker, taldea aukeratzeko eskubidea eman zioten: mutilen taldea hautatu zuen. Arraunlariaren erabakiarekin poztu ziren gizonak, eta, badirudi neskak eta David ere pozik gelditu zirela.

Baina abenturan beste sorpresa bat izan zuten: kapitainek beste duelu bat egin behar zuten, kanpamentu txirora eta aberatsera nortzuk joango ziren erabakitzeko. Epaile zorrotza izan zuten, haranari izena ematen dion monolito izugarria, hain zuzen ere: Piedra Parada. Ia berrehun metroko yumar bat egin behar zuten kapitainek. Davidek errebantxa hartu zuen eta Enekori gailendu zitzaion, ia uneoro atzetik ibili ostean. Gezurra dirudien arren, arraunlariari eskuek huts egin zioten.

Abenturak aurrera egin zuen, eta opari berezi bat jaso zuten bi taldeek. Kanpamentu txiroan, Roberto Laisekarekin egin zuten topo Eneko Van Horenbekek eta bere mutilek. Onuragarria iruditu zitzaien Enekorekin batera Roberto ere beraien kapitaina izatea. Aurkako jarrera izan zuen David Secok bere "azukre koxkorra" ikusi zuenean. Busturiarraren poztasuna eten egin zen Manu Maritxalar bere taldean izango zela ikusi zuenean. Arazoa trebeki gobernatzeko eraren bila hasi ziren neskak. Saioa uzteko mehatxua egin zuen Davidek Manu ikusitakoan.

Saioa bukatu aurretik, Juanito eta Korta abenturan izango direla ikusi genuen. Baina, non daude? Kapitainak izango al dira? Lehiakideak?

Ikusitakoak ikusita, badirudi lehen immunitate jokoa zirraragarria izango dela. Bakoitzak bere ahalmena erakusteko unea iritsi da.

Informazio gehiago (1)