Itxi

22:25ean

'Ganbarazaleak' saio berria estreinatuko du gaur ETB1ek

A.A.

EiTB

Euskal Herriko ganbaretan gordetzen diren altxorrak erakutsiko dizkigute Pedro Mari Goikoetxea kazetariak eta Ainhoa Ciganda zaharberritzaileak.

Pedro Mari Goikoetxea eta Ainhoa Ciganda

'Ganbarazaleak', Euskal Herriko ganbaretan gordetzen diren altxorrak erakutsiko dituen saioa, estreinatuko du Euskal Telebistak gaur. Pedro Mari Goikoetxea kazetariak eta Ainhoa Ciganda zaharberritzaileak gidatuko dute ETB1en, 22:25etik aurrera, ikusgai izango den programa.

Normalean ganbarak trasteak biltzeko erabiltzen baditugu ere, askotan horien artean benetako altxorrak topa ditzakegu: objektu edo gailu horiek balio historikoa, artistikoa, ekonomikoa edota sentimentala izan dezakete, eta horien atzean istorio ederrak egoten dira. Istorio horien atzetik ibiliko dira ganbaraz ganbara. Gainera, Euskal Herriaren historia ezagutzeko aukera ere eskainiko digute objektu horietako askok.

Ohiko ganbarak bisitatzeaz gain, bildumazale ugari izango dituzte saioan, mota guztietako bildumak ezagutzeko aukera emango digutenak: erlojuak, kotxeak, txanponak, miniaturak…

Pedro Mari Goikoetxeak eta Ainhoa Cigandak gidatuko dituzte ikus-entzuleak ganbara horietatik. Pedro Mari Goikoetxea kazetaria da eta 30 urte daramatza Euskal Telebistan lanean, nagusiki kiroletan. Azkenaldian, ETB1eko 'Sei Argazkitan' saioko aurkezle gisa ere ikusi dugu. Ainhoa Ciganda kontserbatzaile-zaharberritzailea da, egurrean eta urrean espezializatua. Bere lan-esperientziaz baliatuko da ganbaretan topatzen ditugun objektu, gailu edota altzariak aztertu eta horien balioa kalkulatzeko.

Gure objektuak hobeto ezagutzeko beste baliabide batzuk ere erabiliko dituzte: adituak, kaleko inkestak, artxiboko irudiak edota objektu horien 360 graduko azterketa.

Lehen saioa

Saio bakoitzean hiru ganbara erakutsiko dituzte. Estreinaldikoan, Oiartzunen izango dira, Estanis Urdanpilletak gordeta dituen garai bateko baserriko lanabesak ikusten: 150-200 urteko historia duten goruak eta lihoa lantzeko tresneria dira, batez ere.

Handik Donostiara joango dira, beste bi ganbara ezagutzera. Igor Urrestarazuk gerrarekin zerikusia duten objektuak ditu, gerrateen eta Euskal Herriaren arteko lotura erakusten dutenak. Horien artean, ikusgarriena, soldadu naziak Euskal Herrian egon zireneko argazkiak biltzen dituen albuma.

Loreto Fernandezek, berriz, 200 erloju inguruko bilduma du gordeta, baita XVII. mendeko musika-tresnak ere. Horrez gain, bere aitonak guardasolak eta aterkiak egiteko tailerra zuen, eta orduko hainbat kirten (tailatuak) ere baditu.

Bideoak (2)

Informazio gehiago (1)