Itxi

Astelehenetik ostiralera

'El Faro', ETB2ko telesaila berria

EITB

Astelehenetik ostiralera 13:15ean emango den telesailak, bi familien arteko borroka, eta Lucia eta Ricardo gazteen arteko maitasun istorioa izango ditu ardatz.

ETB2k 'El Faro' telesaila estreinatu du. Bi familien arteko hika-mikaren erdian, Lucia eta Ricardo gazteen arteko maitasun istorioa izango du ardatz saioak. Aitatasuna, jeloskortasuna, leialtasuna eta handinahia izango dira istorioaren osagai nagusiak. Atlántida Media ekoiztetxeak FORTArako egindako proiektua da, eta ETB2k astelehenetik ostiralera emango du, 13:15etik aurrera.

Kostaldeko herri bateko jatetxe baten inguruan girotuta dago telesaila, El Faro jatetxea dute ardatz, hain zuzen ere. Peña familiaren jatetxea da, eta urte luzez daramate bertan lanean. Orain, krisia dela eta gauzak okertu dira, baina arazorik larriena, Muñoz familiarekin duten hika-mika da, Los Samanes enpresako jabeak dira Muñoztarrak.

Muñoz familiak jatetxea itxi nahi du. Jatetxea kokatuta dagoen lurra erosi nahi dute, bertan, Merkataritza Gune handi bat eraikitzeko proiektua baitago. Muñoz familia beti izan da negozio eta diru kontuetan oso iaioa, eta inguruko lurrak erosi nahi izango ditu, haiekin espekulatu, eta enpresa eraikitzaileari saltzeko. Eraikuntza proiektua aurrera eramateko toki garrantzitsu batean kokatuta dago Peña familiaren jatetxea.

Bi familien interesak talka egingo dute, eta ondorioz, hainbat istilu eta eztabaida izango dituzte euren artean, eta erdian, Lucia eta Ricardo gazteak daude. Bi familietako pertsonaiak hezurmamitzeko, aktore zerrenda bikaina izango dugu: Raquel Espada, Fernando Tato, Luisa Merelas, Carlos Olalla, Rebeca Montero, Anibal Soto, Cesar Goldi, Manuel Millan eta Maria Mera.

Lucia eta Ricardo protagonistak

Istilu, eztabaida eta konfrontazio larrien erdian, Lucia eta Ricardo gazteak daude, familiarenganako leialtasunaren eta bestearenganako maitasunaren arteko bidegurutzean. Luciak familiaren jatetxean egiten du lan, oso harro dago bere lanaz eta bere familiako kideez. Hala ere, bere ametsek eta desioek jatetxetik kanpo eramaten dute: ostalaritza ikasi nahiko luke eta bere jatetxe propioa sortu. Gainera, txikitatik du aktore izateko nahia.

Ricardok, bestalde, bere amak antzerki talde batekin alde egin zuela, eta ondoren, hil egin zela entzun du haurtzaroan. Ricardok bere ama faltan izan du bizitza osoan, eta nagusitzean, mutil bakarti eta isila bihurtu da. Zailtasun handia dauka bere gai pertsonalen inguruan hitz egiterako orduan.

Informazio gehiago (1)