Laburpena
Andreak kale egin du immunitate jokoan eta Andeka da lehen izendatua
Hiru talde misto osatuta eta taldekide berriak sartuta abiatu da bigarren fasea. Hain baldintza gogorrekin, etxerako bidea hartu behar izan du Andreak; Andekak, aldiz, lehen izendapena jaso du.
Piedra Paradako klima lehorra atzean utzi eta elur-ekaitza izango da nagusi Andeetako mendietan, Argentina hegoaldean. Lehen fasean izandako klima eta baldintza gogorren ondorioz, Andreak etxerako bidea hartu behar izan du. Sekulako txakalaldia jasan du immunitate jokoan; David Seco eta gainerako kondorrek Andrea mendi-magala igotzera behartu nahi zuten, jokoa eurek irabazteko, baina valentziarra indarrak ahituta geratu zen.
Seco eta kondorrak, zigortuta
Hala ere, David eta bere mutilentzat eguneko ezbeharrik handiena ez zen izan Andrea behera etorri izana, immunitate jokoak utzitako emaitzak baizik; izan ere, David heldu zen lehen postuan ikurrina hartzera, baina soka mozteko erabili zuen sistema ez zuten onartu. Kondor taldeko kapitainaren maltzurkeriak zigorra jaso zuen, eta, hortik eta aurrera, eztabaida puri-purian dago. Guanakoek behar bezala bukatu zuten jokoa, eta garaipena eskuratu zuten; Manuren pumen taldeak hirugarren lekuan bukatu zuten proba, baina urdinek tranpa egin zutenez, bigarren lekuan geratu ziren.
Juanitok, Kortak eta guanakoen taldeak oso une alaia izan zuten kanpamentura heltzean. Abenturaren bosgarren atalak utzitako une gogoangarrietako bat Layza Fox kanpamentu aberatsean sartzea izan zen, Juanitorekin eta Kortarekin. Baina pumentzat, eta kondorren taldekoentzat, batez ere, kanpamentua benetako infernu bilaka daiteke Patagoniako mendietan elurra eginez gero.
Hiru talde misto
Halaber, beste kontu bat ere argitu da bigarren fase honen hasieran, hiru talde mistoen osaketa, alegia, lehenengo fasean neskak batetik eta mutilak bestetik ibili baitira.
Hortaz, Juanito eta Korta buru direla, honako lehiakide hauek daude guanakoen taldean: Ainhoa, Irantzu, Nai, Nagore, Eneko, Sexy Black, Maixa, Borja eta Layza Fox. Manu Maritxalarren pumak, bestalde, Rakel, Killa, Kris, Oihana, Manu, Iker, Txejo eta Andeka dira. Azkenik, Janaina, Sara, Johana, Toni, Patxi eta Sergio dira kondorren taldekoak, eta David Seco dute kapitain.
Baina, zein taldekideren artean jokatuko dute bigarren faseko lehen borroka eta nola egingo diote aurre? ‘El Conquistador del Fin del Mundo’ saioko hurrengo atalean ikusiko dugu, gaur gauean, 22:20tik aurrera, ETB2n.