Itxi

ETB1en eta ETB2n

Arte paleolitikoko azken aurkikuntzei buruz, 'Teknopolis' saioan

A.A.

EiTB

Zestoako Erlaitz izeneko koban topatu dituzten grabatuen karietara, inguru hartara bisita egingo dute aditu talde batekin.

Gaurkotasun handiko gai bati helduko diote aste honetan 'Teknopolis' saioan. Asteazkenean eman zuten aditzera Paleolitiko grabatuak aurkitu dituztela Erlaitz izeneko koba batean, Zestoan. Duela gutxi, handik gertu margoak aurkitu zituzten Danbolinzulo haitzuloan. Erlaitz, Danbolinzulo eta Ekain lau kilometro eskaseko lerro batean daude. Zer dela eta dago horrelako arte paleolitiko kontzentrazioa inguru horretan? Erantzun horren bila joan dira mendiko jantziekin eta euripean, aditu-talde aparta batekin: Alvaro Arrizabalaga (Aranzadiko arkeologoa), Carlos Olaetxea (GFAko arkeologoa) eta Marijo Iriarte (Ikerbasque ikertzailea, paleobotanikan aditua).

Azken asteotan hizpide izan den beste gai bat Marterekin lotutakoa da: 2012an Marteren gainazaletik gora 250 km-ko hodei bat altxatu zen. Orain, EHUko Planeten taldeko ikertzaileek Nature aldizkarian argitaratu dituzte fenomeno horri buruzko lehen hipotesiak.

Eta, puntako ikertzaileekin jarraituz, Lisa Randall ezagutuko dute. Fisikari estatubatuar honek txikiena eta handiena ikertzen du: partikulen fisika eta kosmologia.

Iñaki Leturia gidari dela, 'Teknopolis' saioa larunbat eguerdian dago ikusgai ETB1en, 13:30ean, eta igande goizean ETB2n, 09:30ean.

30ean.

Informazio gehiago (1)