Itxi

23:15ean

Euskal Herrian zehar ibiliko da gaurko 'Herri People'

EITB

Lau istorio berri eta txundigarri ekarriko ditu Ibon Gaztañazpik gaurko saioan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gaurko 'Herri People' saioan, lau istorio izango dituzte ikusgai. Telmo Irureta zinema zuzendari gaztearen istorioa, Batis Kortajarena halterofilia profesionalaren bizimodua eta entrenamenduak, Isidro eta Begoña bikoteak artilearekin egiten dituzten galtzerdiak eta Goio Polok harea laginak biltzeko duen afizioa ezagutuko ditu Ibon Gaztañazpik.

Zumaian, Telmo Irureta ezagutuko dute, zinema zuzendari gaztea. Bi urte zituela garuneko gaixotasun bat antzeman zioten eta, ondorioz, Telmoren mugikortasuna murriztuta geratu da. Gurpil aulki batean mugitzen da ordutik, baina gabezia horrek, hala ere, ez du bere ilusioa eta grina kamustu. Jasandakoa kontatzeko, film labur bat zuzendu du. Antzerki eskolan dihardu, Elena Irureta izeba bezala, aktore izatea ere gustatuko litzaiokeelako.

Ondoren, Villabonara joango dira, eta Batis Kortajarenarekin egingo dute hitzordua bertan. Errugbira jokatzen zuen artean, halterofilia egiten hasi zen, 19 urte zituela. Haren aitona eta anaiak pultsulariak izan ziren. Batisek hautatzaile lanak egin ditu euskal eta espainiar selekzioetan. Danok Danena halterofilia taldeko entrenatzailea da 1991tik, eta gaur egun arte 149 atleta pasatu dira bertatik; gizonezkoak gehienak, baina emakumerik ere izan da.

Halterofila horietako batzuk gimnasioan jardunean ikusiko ditu 'Herri People' saioak. Isidro Astondoak eta Begoña emazteak artilearekin galtzerdiak egiten dituzte euren aiton-amonek orain 100 urte egiten zituzten modu berean. Horretarako, artilea guraizeekin ebaki, garbitu, kardatu eta irun egiten dute lege zaharrera. Prozesu hori ikusteaz gain, Isidrok gazte denborako istorioak kontatuko ditu; eskola garaiko kontu zaharrak eta soldaduska egin zuenean, erdaraz ez zekiela eta, bizitako larritasunak.

Goio Polok harea du afizio. Behin oporretan zegoela, hondartza bateko harea pikorrak etxera eramatea erabaki zuen. Eivissako San Bou hondartzan hartu zuen aurreneko hondar lagin hori 2006an. Konturatu orduko, Euskal Herriko hondartza guztietako hondarraren laginak jasoak zituen. Euskal Herria txiki geratu eta munduko hondartzetako harea biltzeari ekin zion. Egun, 1.650 lagin ditu etxean jasota, kolore eta tankera guztietakoak gainera, eta jasotzeko grinak ez du etenik.

'Herri People' gaur izango da ikusgai, 23:15etik aurrera, ETB1en.

Bideoak (1)