Albistegi berezia
Frantziako departamendu hauteskundeak, gaur, ETB1en
EITB
Amaia Cayerok eta Frank Dolosorrek hauteskundeen bigarren itzuliko datuen berri emango dute, Iparraldeko bozetan arreta berezia jarriz.
Gaur gauean, Euskal Telebistak gertutik aztertuko ditu Frantziako departamendu hauteskundeetako bigarren itzuliko emaitzak, Iparraldeari arreta berezia eskainiz. Amaia Cayerok aurkeztuko du albistegi berezia, eta Frank Dolosorrek Iparraldetik zuzenean emango ditu hauteskundeen gaineko datu guztiak, gaueko 23:30etik aurrera, ETB1en.
Ipar Euskal Herrian departamendu hauteskundeen lehendabiziko itzulia egin zuten joan zen igandean, eta parte-hartzeak gora egin zuen 2011ko datuekin alderatuta. Pirinio Atlantikoetan, parte-hartzea % 52,81koa izan zen 2011ko bozetan baino ia hiru puntu altuagoa (% 49,86). Bigarren itzuli honetan, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusian kantonamenduetako herritarrak ordezkatuko dituzten 24 ordezkarien izenak jakindo dira. Bost kantonamendutan zentro- eskuinaren eta FNren kontra egingo du EH Bai alderdiak, eta sozialistek, eskuineko alderdien kontra egingo dute beste sei kantonamenduetan.