Itxi

22:25ean

'Aitaren Etxea' gudaosteko telesailaren estreinaldia, gaur, ETB1en

A.E.

EiTB

Gaur estreinatuko da 1950. urte inguruan euskal itsasertzeko herri batean girotutako telesail berria. Lehen denboraldiko 15 atalak dekoratu naturaletan grabatu dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

'Aitaren Etxea' ETB1ek gaurtik aurrera asteazkenero eskainiko duen telesaila dekoratu naturaletan grabatu dute oso-osorik; Zestoan, Hondarribiko Alde Zaharreko kaleetan, Legazpiko Lenbur fundazioan eta Donostian, hain zuzen. Horrez gain, Deban, Pasai Donibanen eta Oiartzunen ere izan dira.

Euskal itsasertzeko herri batean dago girotuta, 1950. urte inguruan. Bertako herritarrek bat egin eta garai hartako baldintza gogorretan bizitzen asmatu beharko dute. Hamabost atal izango dituen telesail honetan, garaiko hainbat pasadizo islatuta ikusteko aukera izango dugu.

Lantaldea

Pausoka ekoiztetxeak eta ETBk elkarlanean egindako telesailaren lantaldea 65 lagunek osatzen dute. Jabi Elortegi da telesailaren zuzendaria; besteak beste, 'Go!azen' eta 'Goenkale' telesailak eta Zorion perfektua filma zuzendu ditu. Aktoreen artean, berriz, hauek daude: Loreto Mauleon ('El Secreto de Puente Viejo', La máquina de pintar nubes, 'Goenkale'), Nagore Aranburu (Loreak, La herida), Josean Bengoetxea (Loreak, Negociador, Celda 211), Felix Arkarazo (Santuario, Zorion perfektua, 'Goenkale'), Kandido Uranga (Vacas, Eutsi!, Arriya, 'Goenkale', 'Balbemendi'), Ander Azurmendi ('Goenkale'), Anartz Zuazua (Celda 211, La herida, Rage) eta Iñaki Beraetxe (8 apellidos vascos, 'Mugaldekoak', 'Goenkale').

Gainera, Gaizka Borgeaud Arriya, Bertsolari eta 'Sin Tetas No Hay Paraíso' lanen argazki zuzendariaren eta Karmele Soler euskal makillatzailearen lan bikainaz gozatzeko aukera ere izango dugu bertan. Euskal Telebistako ohiko makillatzaileak curriculum oparoa du, eta, besteak beste, Goya saria jaso zuen 2012. urtean, Pedro Almodovarren La piel que habito filmagatik.

Trama

50eko hamarkada latza izan zen Euskal Herriko jende gehienarentzat, eta baita Celayatarrentzat ere. Telesaileko familia protagonistak hotel bikaina du, baina une zailak biziko ditu gerra ondoren turismoak izan duen beherakadaren ondorioz. Gerran galtzaile izan den bandoaren alde agertu izanak ere ez die asko lagunduko.

Luis Egañak txanponaren beste aldea erakutsiko du. Herriko fabrikako bazkidea eta alkatea da. Ezusteko gertaera batek, baina, bi familia horien bizimodua astinduko du: Irene Egaña eta Martin Celaya gazteak elkarrekin maiteminduko dira, eta ahalegin guztiak egingo dituzte bien arteko harremanari eusteko. Ez dakite, baina, Luis Egañaren (Ireneren aita) eta Javier Celayaren (Martinen aitona) arteko harremana biek uste dutena baino askoz ere korapilatsuagoa dela. Beren sentimenduak oztopo guztien gainetik daudela pentsatzen badute ere, laster jabetuko dira ez dela erraza iraganaren atzaparretatik ihes egitea.

Baina ez da hori izango Luis Egañaren buruhauste bakarra. 50eko hamarkadan Francoren diktaduraren aurka sortu ziren lehen mugimenduetan murgilduta ikusiko du bere ingurua. Luisen fabrikako langile talde bat, bi celayatar tartean, boterearen aurkako ekintzak antolatzeko prest azalduko da.

'Aitaren Etxea' gaurtik aurrera asteazkenero izango da ikusgai, 22:25ean, ETB1en.

Albisteak (1)

Bideoak (2)

Informazio gehiago (1)