Gaur
Saskibaloia, pilota, futbola eta herri kirolak, ETBn eta eitb.eus-en
A.A.
EiTB
Endesa Ligako Gipuzkoa Basket-Sevilla, Euroligako finala eta Irujoren eta Rezustaren arteko Buruz Buruko Txapelketako partida eskainiko dira, besteak beste.
Kirol eskaintza bete-betea dakar Euskal Telebistak eta eitb.eus-ek gaurko. Besteak beste, Endesa Ligako Gipuzkoa Basket-Sevilla, Euroligako finala eta Buruz Buruzko Txapelketako Irujo-Rezusta partida izango dira ikusgai, maiatzaren 17 honetan.
Eibarko Astelena pilotalekutik eskainiko da 'ETB Kantxa' saioa, 17:00etan hasita. Promozio txapelketako Tainta-Irribarria partidarekin hasiko da jaialdia, eta ondoren, txapelketako nagusiko neurketa jokatuko dute Juan Martinez de Irujok eta Beñat Rezustak. Ohi denez, ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai, Xabier Euzkitzeren, Joxan Tolosaren eta Elena Azpeitiaren kontakizunarekin.
Saskibaloiaren tartea hiru aldiz zabalduko dute. Goizean, Endesa Ligaren txanda izango da: Gipuzkoa Basket-Sevilla partidaren berri emango dute Xabier de la Fuentek, Josean Aldalurrek eta Juan de la Vegak, zuzenean, Illunbetik. 12:15ean hasiko da emanaldia ETB1en eta eitb.eus-en.
Arratsaldean, Euroligak hartuko du lekukoa. 20:00etan txapelketako final handia izango da ikusgai ETB4n eta eitb.eus-en. Hiru ordu lehenago, 17:00etan, jokatuko da ¾. postuak erabakitzeko partida. eitb.eus-en zuzenean eskainiko da, eta 19:00etan diferituan ETB4n. Asier Aranguren eta Josean Aldalur arduratuko dira kontakizunaz.
17:00etan, Irungo Gal stadiumarekin bat egingo dute ETB4k eta eitb.eus-ek, Bigarren B Mailako Real Union-Tudelano norgehiagoka eskaintzeko. Zuzenean arituko dira bertatik Xabier Andueza, Juanan Larrañaga eta Iban Bengoetxeak.
Kirol emankizunen zerrenda herri kirolekin amaituko da. 11:00etan, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren arteko idi proba desafioa izango da ikusgai ETB1en (maiatzaren 11n Leioan jokatutakoa), Ibon Gaztañazpiren komentarioekin. Gaztañazpik berak, Joxe Etxebeste lagun duela, goizean Galdakaon jokatutako aizkolarien bakarkako Eusko Label sariko Atutxa II-Rekondo finalerdiaren berri emango du 16:00etan, ETB1en.
Bestalde, 'Gol Festa' saioa 20:50ean hasiko da, ohi baino beranduago, Ligako azken aurreko jardunaldiko partida guztiak arratsaldeko zazpietan jokatuko direlako. Partiden laburpenak, jokaldi garrantzitsuenen azterketa eta protagonistekin elkarrizketak bilduko dituzte kirol erredakzioko kazetariek, Mikel Olazabal gidari dutela.