Gaur gauean
Hauteskunde eztabaidak Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroarako
A.E
EiTB
Ostegunean, 22:30etik aurrera ETB2n deskonexioan eskainiko dira eta eitb.eus-en, berriz, aldi berean jarraitu ahal izango dira lau eztabaidok.
Gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en, 22:30etik aurrera, beste lau hauteskunde eztabaida eskainiko dira. Bertan, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Foru Aldundietarako eta Nafarroako Foru Gobernurako hautagaiek hartuko dute parte. ETB2n, deskonexioan eskainiko dira Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroarako. EiTBren web gunean, eitb.eus-en, berriz, aldi berean jarraitu ahal izango dira lau eztabaida hauek.
Bizkairako eskainiko den eztabaida Estibaliz Ruiz de Azuak gidatuko du eta Bizkaiko sei ahaldungai nagusiek hartuko dute parte: Unai Rementeria (EAJ-PNV), Carlos Totorika (PSE-EE), Josu Unanue (EH Bildu), Javier Ruiz (PP), Xabier Jimenez (Irabazi) eta Josean Elgezabal (Ahal dugu).
Honakoak izango dira eztabaidan jorratuko dituzten gaiak: ekonomia sustatzeko neurriak eta enplegu politika; azpiegiturak; gizarte zerbitzuak; aldundiaren eskumenak eta udalen finantziazioa, eta gobernagarritasuna eta balizko itunak. Amaitzeko, boto eskaria egingo du ordezkari bakoitzak.
Gipuzkoarako eztabaidan, berriz, Gipuzkoako ahaldungai nagusiak egongo dira: Xabier Olano (EH Bildu), Markel Olano (EAJ-PNV), Denis Itxaso (PSE-EE), Juan Carlos Cano (PP), Arantza Gonzalez (Irabazi) eta Juantxo Iturria (Ahal Dugu).
Juan Carlos Etxeberriak gidatuko du debatea eta gai hauek aztertuko dituzte bertan:ekonomia sustatzeko neurriak eta enplegu politika; fiskalitatea; azpiegiturak; hondakinen kudeaketa eta gobernagarritasuna, eta balizko itunak. Boto eskariarekin amaituko da debatea.
Halaber, Arabako ahaldungaiekin egingo den debatean, Javier de Andresek (PP), Ramiro Gonzalez (EAJ-PNV), Kike Fernandez de Pinedok (EH Bildu), Cristina Fernandezek (PSE-EE), Damian Garcia Morenok (Irabazi) eta Koldo Martinek (Ahal Dugu) hartuko dute parte.
Estibaliz Ruiz de Azuak gidatuko duen eztabaidan, hautagaiak honako gai hauen inguruan mintzatuko dira: ekonomia sustatzeko neurriak eta enplegu politika; azpiegiturak; lurraldearen eraikuntza, hiriak eta nekazal ingurua; zerbitzu sozialak eta gobernagarritasuna eta balizko itunak. Ohi bezala, parte hartzaileek boto eskakizuna eginez itxiko dute saioa.
Azkenik, laugarren debatean Nafarroako presidentziarako hautagaiak hartuko ditu Juan Carlos Etxeberriak: Adolfo Araiz (EH Bildu), Maria Chivite (PSN), Uxue Barkos (Geroa Bai), Ana Beltran (PP), Jose Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra) eta Laura Perez Ruano (Ahal Dugu).
Eztabaidatu beharreko gaiak, berriz, honakoak izango dira: egoera ekonomikoa; inbertsio publikoa eta diru publikoaren kudeaketa; estatus politikoa; euskara, kultura eta hezkuntza eta gobernagarritasuna eta balizko itunak. Botoa eskatuz amaituko da debatea.
/p>