22:15ean
Final handia, Ozeano Bareko uretan, gaur gauean, 'El Conquis' saioan
Iker, Andeka, Sergio eta Maixa izango dira lehian finalean. Azken gala handia zuzenean egingo da, Miramonen, eta han izango dira aurtengo edizioko lehiakide zein kapitain guztiak.
Gaur gauean jakingo dugu nork irabazi duen 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioko hamaikagarren edizioa. Iker, Andeka, Sergio eta Maixa izango dira lehian inoiz izan den finalik zirraragarrienean. Laurek ere euren aukerak dituzte eta indarrez pareko direla iritsiko dira ozeano barean egingo den lehiara; hortaz, abenturak hamaika edizioetan izan duen finalik lehiatuena izan daiteke aurtengoa.
Finalaren bezperan jarri daitekeen alde ezkor bakarra zera litzateke, saioan tranpak egin izana agerian jarri zuen ikuskatzearen ondoren lau protagonistek duten errudun sentsazioa.
Lehia bakar bat ere jokatu gabe iritsi da finalera Iker
Oraingoz, azken lehiaz dakiguna zera da, ozeano barean izango dela, Palena ibaiaren itsasoratzean, eta lehiakideek kayakean ibiliko direla itsasoan, lehiaren lehen zatian behintzat.
Lehia bakar bat ere jokatu gabe iritsi da finalera Iker. Zuhurra da eta finalerako kinieletan ez denez azaldu, ezustea da bere abagunea.
Andeka, bestalde, erabat bestelakoa da. Pumen taldera sartu zenetik, garaitu beharreko aurkaria da bilbotarra; fisikoki izugarria da eta horrenbeste lehiatan aritu izanak lasaitasuna emango dio une erabakigarrian.
Sergio, bestetik, faboritoaren etiketa aldean duela iritsiko da finalera, zati handi batean, David Seco kapitainak haren alde egindako propaganda lanari esker. Bizkorra da Sergio, indartsua eta lehiakorra, eta hari irabazteko lan nekeza egin beharko dute beste finalistek.
Bizi-bizi helduko da Maixa, ostera, finaleko fasera. Jokatutako lehia bakarrean Eneko kanporatu zuen eta egindako immunitate joko bakarra irabazi egin zuen, finalista guztiek jokatu zutena, alegia.
Azken gala handia, zuzenean, Miramonen
Azken gala handia zuzenean egingo da, Miramonen, eta han izango dira lau finalistak zein azken edizio honetan parte hartu duten lehiakide eta kapitain guztiak. Saioaren 18 edizioetako unerik esanguratsuenak errepasatuko dituzte galan.
Halaber, beste hainbat gairen artean, honako hauek ere izango ditugu hizpide: lehen faseko kapitainen borroka, bigarren faseko klima gogorra, David Secoren kondorrak desagertu zirenekoa, bateratze fasean janaria ikuskatzea eta Kortak eta Juanitok abenturaren finalera bidean guanakoekin izandako tirabirak.
Publikoaren gogokoena
Bestalde, publikoaren lehiakide gogokoena aukeratzeko bozketak ere aurrera jarraitzen du. Orain 10 lehiakide dira lehian, eta finaleko gala bukatzean jakingo dugu zeintzuk bost lehiakidek egingo duten aurrera publikoaren gogoena izateko lehian. Publikoaren gogokoena aukeratzeko gala berezia ere zuzenean egingo da, Miramonen, datorren igandean, ekainaren 7an.