Audientzia
'Teleberri'k bere nagusitasuna sendotu du maiatzean
EITB
Errege Kopako finalaren jarraipena, Buruz Buruko Txapelketako finalaurreko partida eta 'El Conquistador del Fin del Mundo' realityaren finala nabarmendu dira asteburuan.
Euskal Telebistako albistegiek euren nagusitasuna sendotu dute maiatzean. 'Gaur Egun'ek eta 'Teleberri'k euskal ikus-entzuleen babes zabala izaten jarraitzen dute, eta %19,3ko audientzia zatiarekin itxi dute hilabetea.
'Teleberri'k, azkeneko 32 hilabeteetako albistegi liderrak, %16,6ko audientzia zatia lortu du maiatzean, eta 209.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu du Euskadin eta eragin eremuan.
Nabarmena da, gainera, hauteskunde gauean ETBko albistegi taldeak lortutako audientzia arrakasta. Izan ere, milioi bat ikus-entzuleko langa gainditu zuten maiatzak 24ko hauteskunde gaueko saio bereziek, boto kontaketaren berehalako informazioa eta emaitzen analisia eskainiz.
Kirola protagonista, asteburuan
Bi kirol hitzordu garrantzitsu izan dira asteburuan protagonista. Alde batetik, larunbatean Athletic eta Bartzelonak jokatu zuten Errege Kopako finala, eta, bestetik, igandean jokatutako Buruz Buruko Txapelketako Irujo-Olaizola II finalaurrekoa.
Larunbatean, Klaudio Landak eta Jose Ituartek Bartzelonatik zuzenean aurkeztutako '¡Aupa Athletic!' saioak partidaren aurreko giro eta informazio guztia eskaini zuen. Emanaldi bereziak %13,1eko audientzia zatia lortu zuen eta 407.000 ikus-entzuleko audientzia metatua. Bartzelonako eta Bilboko zenbait lekurekin eta Bermeorekin zuzeneko konexioak egin zituen saioak arratsalde osoan zehar.
Igande arratsaldean Gasteizko Ogueta pilotalekuan Juan Martinez de Irujok eta Aimar Olaizolak jokatutako neurketaren zuzeneko emanaldiak %15,3ko audientzia izan zuen oro har eta %22,2koa euskalduen artean. Halaber, 156.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen. Olaizolak irabazi zuen finalaurrekoa eta datorren ekainaren 14ean Oinatz Bengoetxearen kontra jokatuko du finala, ETB1en eta eitb.eus-en ikusgai izango dena.
'El Conquistador del Fin del Mundo'ren finala
Igande gauean, 'El Conquistador del Fin del Mundo' realityaren finala eskaini zuen ETB2k. Maixa mutrikuarra garaile izan zen 'El Conquis' saioaren hamaika edizioetan izan den probarik lehiatuenean. 357.000 ikus-entzulek bat egin zuten saioarekin, eta oro har, ETB2ko realityaren 11. edizio honek %13,4ko audientzia eta 294.000 ikus-entzuleko audientzia metatua eskuratu ditu.