Itxi

Programazio berria

Saio berriak, kalea, zuzenekoak eta kirola, udako protagonistak ETBn

'Kantugiro', 'Gutarrak Kanpinean', 'A Ver si No Llueve', 'Tu Playa Favorita', 'Downtown' eta 'Grupetto' saio berriez gain, 'Stars. Izarrak Kalean' eta 'No Es País para Sosos' ere izango dira ETBn.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskal Herrian barrena bazterrik bazter ibiliko da Euskal Telebista aurtengo udan. ETBk 'Kantugiro', 'Gutarrak Kanpinean', 'Todos Los Apellidos Vascos', 'A Ver si No Llueve', 'Tu Playa Favorita', 'Downtown' eta 'Grupetto' saio berriak estreinatuko ditu. Horiekin batera, 'Stars. Izarrak Kalean' eta 'No Es País para Sosos'en bigarren denboraldiak eskainiko dira, berritasun ugari dituztela. Halaber, programazioan, eta oporrik gabe, 'Sin Ir Más Lejos' eta 'Como en Casa en Ningún Sitio' magazinak, eta Felix Linaresen 'LND' eta 'El Mundo Según LND'. Eta, nola ez, jaiak eta ikuskizunak zuzenean, kirol emanaldirik onenak eta aktualitatearen arrastoan hutsik egin gabe izango ditugu albistegiak, ETBk prestatutako programazioan.

Ia 30 zuzeneko emanaldi,  uda osoan zehar

'Stars. Izarrak Kalean' saioaren bigarren edizioa ekainaren 28an hasiko da. Aurten, Maria Amolategi eta Alex Sardui kantariek aurkeztuko dute abestea maite dutenei zuzenduta dagoen lehiaketa. Iaz erantzun eta parte hartze oso handia izan zuen saioak, eta aurten nobedade eta sorpresa askorekin dator. Kalea izango da agertokia, eta kaleko jende anonimoak egingo ditu epaile lanak. Publikoak txanponak botako dizkie lehiakideei, eta diru gehien eskuratzen duena izango da irabazlea eta hurrengo fasera pasatuko dena.

'Kantugiro' saioa ekainaren 29an estreinatuko da, ETB1en. Astelehenetik ostegunera, 'Kantugiro'ren agertokia herriz herri eta festaz festa ibiliko da, programaren karaoke berezirako abeslari bila. Zuriñe Hidalgok eta Xabin Fernandezek aurkeztuko dute herriko jaiak eta karaokea nahasten dituen programa berria. Hiru erreportari ibiliko dira herriko jaietan abeslari bila: Nerea Alias, Joseba Olagarai eta Naiara Gago. Euskal herriko jaien giroa ezagutu ahal izango da horien eskutik.

Gutarrak ere lagun izango ditugu uda honetan. Txurru gidari dutela, 'Gutarrak Kanpinean' estreinatuko da uztailaren 1ean. Gutar ezagunak gutar berri bila ibiliko dira Euskal Herriko kanpinetan. Euskal Herrian barrena, gutarren furgonetan mugituko dira, Txurru txofer dela. Bi talde izango ditugu: urdinak eta arrosak. Astero, talde bakoitzeko hiru gutarrek beste hiru gutar berri bilatu beharko dituzte eta taldea osatu. Ondoren, elkarrekin lehian ibiliko dira kanpineko talderik onena bilakatzeko.

Euskal hiriburuetako jaietan ere izango dira ETBko kamerak. Uztailean, Iruñeko Sanferminetan, eta abuztuan, Baionako Bestetan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan, eta Donostiako eta Bilboko Aste Nagusietan. Emanaldi bereziei, baina, Eibarko Sanjoanekin ekingo diete, eta han-hemenka antolatutako beste hainbat ikuskizun ere eskainiko dira: Goizuetan grabaturiko 'Mexikotik Kantari', Pasai Donibanen egingo den habanera emanaldia, Azpeitiko eta Baionako errekortariak, Gasteizko eta Donostiako txistulari kontzertuak, Iruñeko Kantu Zaharren Bazkaria eta abar.

Bost saio berri, ETB2ko udako programazioan

Ramon Roteta eta Ander Gonzalez bueltan dira igande honetan 'No Es País Para Sosos' saioaren bigarren denboraldiarekin. Euskal Herriko paraje bikainenetan barrena, sukaldaritza bidaia paregabea proposatuko dute. Joan zen urtean bezala, gonbidatu ezagun batek erronka bat proposatuko die, baina berrikuntza nabarmen bat izango dute denboraldi honetan: Euskal Herriko mendi gailur ezagunetan egingo dute azken proba.

Horrela, euskal geografian barrena ibiliko dira hainbat gonbidaturekin. Besteak beste, Ereñozar mendira igoko dira Mikel Pagadirekin eta Zuhaitz Gurrutxagarekin; Txindokira, Jose Luis Kortaren konpainian; Larrun mendira, Coman Mitogorekin; Aratz mendira, Pablo Carbonellek lagunduta; Oiz mendira, Mikel Landa txirrindulariarekin, eta Aizkorri mendia Jon Plazaolarekin batera igoko dute.

ETB2n arrakastatsu estreinatu da oraintsu 'Todos Los Apellidos Vascos' saioa. Udan ere ikusgai izango dugu, Olga Zabalgogeaskoak aurkeztuta, astelehen iluntzetan. Pertsona ezagun askoren sustraietan sakonduko dute eta horien familiako historia txikien arrastoari jarraitu. Iñaki Gabilondori eta Iñaki Lopezi eskainitako programen ostean, Miguel de la Cuadra Salcedo, Juan Martinez de Irujo, Jose Mujica, Iñaki Perurena, Javier Clemente eta Carla Royo-Villanova izango dira saioaren protagonistak.

'La Caja Negra' erreportaje saioak ere bere tartea izaten du ETB2ko programazioan asteazkenero, Iñaki Lopezen eskutik. Ikerketa lan zehatza du oinarri atal bakoitzak, eta, ikerketaren bidez eta ekintzen protagonista izan direnekin, Euskadiko egun-eguneko gai zirraragarrienak aztertzen ditu.

Udako proposamen berrien artean, 'A Ver si No Llueve' saioa dugu. Euskal familia, bikote eta lagun-taldeen maletan sartuko dira, euskaldunok udako oporrak non igarotzen ditugun jakiteko. Bidaiak Mediterraneoko kostaldera eramango ditu derrigorrez, Benidorm, Salou, Ibiza eta Torrevieja aldera, besteak beste; baita Atlantikoko kostaldera ere, Cadiz eta inguruetara. Gainera, ez ditu ahaztuko Kantauriko lekurik ezagunenak (Lekeitio, Donostia, Noja…), eta baita Euskal Herriko barrualdeko parajeak ere.

Africa Baetaren eskutik, 'Tu Playa Favorita' saioa izango da ikusgai laster. Euskal kostaldeko hondartza ikusgarrienak aurkeztuko ditu, bakoitza pertsonaia ospetsu batek gomendatuta, eta ikus-entzuleek erabakiko dute zein duten gustukoen. Maribel Salas, Mikel Goñi, Elena Ibarbia, Efren Vazquez, Juanito Oiarzabal, Sara Gandara, Asier Hormaza, Kepa Junkera, Alex Txikon, Silvia Intxaurrondo, Andoni Cedrun, Roberto Laiseka, Begoña Maestre, Peio Ruiz Cabestany eta La Otxoa izango dira gonbidatuak.

'Downtown' izeneko saio berriak, Iñigo Hermoso eta Urtzi Urrutia gazteek Euskal Herrian barna biziko dituzten abenturak ekarriko dizkigu astero. Down sindromea dute biek, eta horrek bizitzari begiratzeko beste ikuspegi bat ematen die, baita eguneroko gauzak ikusteko beste modu bat ere. Kamerak atzetik dituztela, Euskal Herrian barna ibiliko dira, musikaz, gastronomiaz, kirolaz eta beste hainbat gairi buruz dituzten kezkak eta zalantzak argitzeko asmoz. Road-movie itxurako saio hau Trauko Ekoizpenak-ek egin du ETBrentzat, John Anduezaren zuzendaritzapean.

Azkenik, 'Grupetto', 2014an Innova Basque Audiovisual lehiaketa irabazi zuen saioa, izango dugu ikusgai. Bizikleta mundua eta, batez ere, hiriko txirrindularitza ditu ardatz. Astero, bizikletak egiten dituzten bi tailer lehiatuko dira elkarren artean; hirugarren bati (pertsona edo taldea bat izan daiteke) bizikleta bat egin beharko diote, bezero horren beharretara edo nahietara egokitutakoa, aurrekontu eta epe zehatz batean. Tailerretako bat berbera izango da saio guztietan: Bilboko Hirizikloak. Astero, beste hiri bateko lantegi baten aurka lehiatuko da. Lucia Martiño surflariak gidatuko du 'Grupetto' reality-a, eta tailerra osatzen duten bost kideak izango ditu lagun.

Udan, 'Sin Ir Más Lejos' eta 'Como en Casa en Ningún Sitio' magazinek ez dute atsedenik hartuko. Klaudio Landak gidatuta, 'SIML' saioak hurbileko gaiak jorratuko ditu, eta kalera irtengo da udako gertaera eta ekitaldi nabarmenen berri zuzenean emateko. Bestalde, Patricia Gaztañagak eta Marta Elvirak aurkezten duten 'Como en Casa en Ningún Sitio' laburragoa izango da (ordubete iraungo du), Euskal Herriko toki ezberdinetatik zuzenekoak egingo dituzte, hiriburu eta herrietako festei leku berezia eginez, eta egun-eguneko gaien inguruko solasaldia izango dute platoan.

Halaber, ikus-entzuleek ez dute zinemarekin astero duten hitzordua galduko. Felix Linaresek 'La Noche de…' eta 'El Mundo según LND' saioen gidaritzan jarraituko du, azken urteotako filmik nabarmenenak, zinemaren munduko datu interesgarrienak eta Hollywoodeko izarren bizitzari buruzko jakingarriak eskainiz.

Albistegiak eta kirolak

ETBko albistegiak urteko 365 egunetan daude zabalik. Udan ere, astelehenetik igandera, eguerdian eta iluntzean, gertatu den guztiaren zuzeneko kontakizuna egingo dute 'Gaur Egun'ek eta 'Teleberri'k.

Kirol eskaintzaren barruan, larunbat honetatik aurrera, Suitzako Itzulia izango da ikusgai ETBn, eta Donostiako Klasikoa, abuztuan. Halaber, pilota emankizunek ez dute etenik izango. Ekainaren 28an, Olaizola II-Bengoetxea VI Buruz Buruko finalaz gain, Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketa eta udako jaialdi eta torneoak eskainiko dira. Eta estropada denboraldiari dagokionez, San Miguel eta Euskotren ligak osorik, KAE ligako zenbait proba, Euskadi eta Espainiako txapelketak, eta Kontxako Bandera. Futbolak ere izango du bere lekua kirol emanaldien artean.

Bideoak (1)